Suaren inguruan akelarrean dantzan
Izaro Intsausti • Dantzaria
San Joan eta San Pedro bezperako sugarrak itzaldu berri diren honetan, herri gehienetan pizten diren suek sortzen duten magiak hausnarrera bultzatu naute gaurkoan.
Suaren inguruan dantza, kantu, antzerki, kalejira eta akelarreak egiten dira. Hamaika herritan, hamaika eratara eta denek sua erdigunean badute ere, herri bakoitzak bere ezaugarriekin atontzen du suaren inguruko ekitaldia. Hainbatetan, tradizioak dioen moduan, inguruan ditugun gaitzak eta ‘nahi ez ditugunak’ sugarretara botatzeko ere baliatzen dira.
Ordiziako akelarrean sorgin eta artzainen inguruko antzerki bat interpretatzen da. Besteen artean, sorgin dantza, agurra, San Joan, txapeloaz eta tobera dantzatzen dira eta aurten sugarretara Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko Israeleko bandera eta Euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko espetxe bat bota dira. Amai- tzeko, txiki, gazte eta heldu guztiek kalejiran borobiltzen dute emanaldia eta ederra izaten da guztiak eskutik helduta dantzan ikustea, parte hartzaileak eta ikusleak.
Dantza eta jaitik harago, aldarrikapenerako guneak ere bihurtzen dira su inguruak eta aste honetan, bada gazi-gozorik. Hernanin jendetza atera da suaren ingurura dantzara eta tristura handiz jaso dut, eraso arrazisten harira, herrian sortu den kalapita.
Sugarretara botatzeko berandu bada ere, etengabean jarraitu behar da arrazakeria salatuz eta baliatu ditzagun dantza eta jaiak aldarrikapenei bide emateko. ■