Asteburuak
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Urria noiz iritsiko irrikitan egoten ginen ikasturtea hastearekin batera, ehiztariak bezala. Batzuek Zaldibiako festen zain egoten ginela pentsatuko duzue, eta hala izaten zen gazte denboran, dudarik gabe. Gau bukaezinak eta dibertigarriak bizitako makina bat anekdotaz lotzen ditut garai hartako Santa Fe jaiak baina, horiek beste baterako utziko ditut eta gaztea izan aurreko garaiak nahi ditut gogorarazi: ume garaiak.
Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bizi izandako 4 urte horietan murgilduko naiz. Eskola Kirola programan parte hartu nuen. Astean zehar entrenamendu bat edo bi izaten genituen eta larunbatetan edo ostiraletan norgehiagoka. Kirola gustatzen zaigunontzako plan ezin hobea zen, izugarri gozatzen genuen, bai entrenamenduetan eta baita partidetan ere. Eta, nola ez, baita afalorduan gurasoei kontatzen ere. Eguna hasi orduko ez nuen besterik izaten buruan. Nahiz eta onartu behar dudan gustuko ez nituen kiroletan ez nuela hainbeste gozatzen. Eskola Kirolaren ondorioz, kirol mota desberdinak ezagutzeko aukera izan nuen; izan ere, hala izan ez balitz, ezagutu nituen kirol mota asko ez nituen praktikatuko eta indar gehien zituzten kiroletan bakarrik zentratuko nintzatekeen seguruenik, besteak probatu gabe. Zorionez, ez zen hala izan.
Eskola Kiroleko eskaintzaz gain haurrek klubek antolatutako eskoletan parte hartzeko aukera dute: futbol-eskola, errugbi-eskola, atletismo-eskola, saskibaloi azatxo-eskola… Astean zehar entrenamendu bat edo bi izan ohi dituzte, eta igandeetan entrenamendua edo partida/topaketa, kirolaren arabera. Makina bat aldiz igandeetan ilobaren partida/topaketak ikusi izan ditut, eta nire buruari zera galdetu ohi diot: ez ote da hobe, igandea gutxienez, familian gozatzeko edo lagunekin jolas librean aritzeko eguna izatea? Eta ez al da nahikoa adin horietan Eskola Kirolak eskaintzen dizkigun kirol aniztasunekin?
Honen inguruan izan ditzakedan iritziak alde batera geratuko al dira gure seme-alabaren batek kluben eskola horietako batean parte hartu nahi badu? Saiatzen naiz bizitzako erabakietan ahalik eta gehienean koherente izaten. Dena den, jakitun naiz %100ean ezin daitekeela izan. Horrenbestez, hau izango litzateke %100era ez heltzeko egoeretako bat. ■
