Santa Lutzi feria, 300 urte Urretxun eta Zumarragan
Urretxuko aldapan Santa Lutzi feria, XX. mendearen hasieran.
Ezkioko Anduaga auzoko Santa Lutzi elizaren bueltan egin ohi zen izen bereko feria, 1726ra arte. Zer antzinatasun daukan ezezaguna den arren, jatorria Erdi Aroan daukala uste da. Gipuzkoan egiten ziren zazpi abere feria klasikoetatik bat zen Santa Lutzikoa. Denak eliza edo ermita baten inguruan ospatu ohi ziren. Ezkiokoaz gain, Goierrin bazen beste bat, jada desagertua: Mutiloako Lierni gainean egiten zena. Larraitzen (Abaltzisketa), Aian (Iturriozko San Joanen), Arrasaten (San Valeron), Azpeitian (Oñazko San Joanen) eta Elosuan (Bergara) kokatuak dira beste bostak.
Duela 300 urte, biztanle gutxiko herrixketatik hiribilduetara aldatzen hasi ziren feriak, Elizaren eskariz askotan. Iruñeko apezpikuaren iritziz, Santa Lutzi ermitaren ingurumarietan, feriaren bezperetan eta gauetan, «jokabide desegokiak» izaten zituen jendeak. Horrez gain, jende eta abere pilaketek eragindako kexak, arazoak, lapurretak, borrokak eta mozkorraldiak ere ez ziren urriak. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan 1727tik aurrera feriak landa guneetan eta biztanle gutxiko lekuetan egitea debekatu zuten.
Anduagatik Urretxura aldatu zen, orduan, Santa Lutzi feria, 1727an. Hango agintariek, Ezkioko hutsunea aurreikusita, Gaztelako Kontseiluari baimena eskatu zioten azoka horiek Urretxun egin zitezen, moralitatearen eskakizunak betetzeko bermea eta ordena publikoa ziurtatuko zituztela hitz emanda. 1727ko maiatzaren 24an, Felipe V.a erregeak leku aldaketa onartu zuen. Ekainean Tolosan bildutako batzarretan Ezkioko ordezkarien protestek ez zuten ezertarako balio izan.
Hala, Urretxun 1727ko abenduaren 8tik 13ra egin zen lehenbiziko aldiz Santa Lutzi feria. Zumarragan ere berehala sumatu zuten eragina, feriazaleen eta bisitari ugarien lo-leku eta zerbitzu beharrak asetzeko esku-eskura geratu zelako, nahiz berez azoka egiteko eskubiderik ez zuen. Are gehiago, Urretxuko agintariek bultzatuta, Gipuzkoako korregidoreak 50 dukateko isunarekin mehatxatu zituen Zumarragako partean salgaiak saltzen zituztenak.
Moraltasun ehizan
Feria hiribildura sartzeak ez zuen askorik baretu jendetzaren alberdania, antza denez. Trentoko Kontzilioaren ondoren, Elizak espazio publikoa kontrolatzeko gurutzada hasi zuen. 1740an, Elosuko parroko Juan Ignacio Irazabal Urretxun atxilotu zuten, ustezko moraltasun betebeharren soldadu bailitzan, zartailu batekin jendea jotzen hasi ondoren. Alkatea eta zinegotziak ere jendea tabernetatik aterarazi, eta buila eta anabasa «lasaitzeko» ibili ziren kalean.
Feria makaltzea ekarri zuten bateko eta besteko arrazoiek. 1846an, Santa Lutzi feria «merkatu txar batera» mugatuta zegoela idatzi zuten, lehen jendetsua eta herrialdeko animalia-espezie guztiekin hornitua zela gogoratuz batera. XIX. mendeko bigarren erdian berpiztu zen, populazioaren hazkundearekin eta txerri nahiz ardi azienden mugimenduarekin, zaldiez eta behiez gain.
XX. mende erdian, txerrien salmentak indartsu jarraitzen zuen Santa Lutzi ferian. 1950eko hamarkadaren hasieran, abere feria Zumarragara zabaldu zen, Urretxun toki falta zegoela eta. Ateak eta eskuak zabalik hartu zuten han azoka, eta denborarekin Zumarragara aldatu zen erabat ganadu feria, Urdaneta kaleraino aldendu arte. Urretxuko aldapa aberez bete-beterik egoten zen ordura arte. ■
