Sormena ez dago krisian

Editorearen, idazlearen eta irakurlearen begiradetatik, euskal literaturaren egoeraren inguruan gogoeta egin dute Xabier Mendigurenek, Joxe Begiristainek eta Aratz Aranburuk.
Durangoko Azokaren inguruan, ohikoa izaten da euskal literaturari buruzko gogoetak egitea, bai ekoizpenaren inguruan, eta bai azoketan saltzen den liburu kopuruaren inguruan ere. Erreportaje honen helburua ere horixe da. Goierritarrek 2025ean sortutako liburuen zerrenda luzea da. Euskarazkoak izan dira gehienak, gainera. Asteburuan Ataunen, Lazkaon eta Seguran izango diren liburu azokak izango dira erakusleihorik onenak, urteko literatura uzta ezagutu, erosi eta gozatzeko.
Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarra Elkar argitaletxeko editorea da eta ondorengo baieztapenarekin hasi du euskal literaturaren inguruko hausnarketa: «Inoiz baino aniztasun handiagoa dagoela esango nuke idazleen adinaren aldetik. Momentu honetan, 80 urtetik 20 eta gutxira bitartean, 60 urteko tarte batean, adin guztietako idazleak daude, lanean ari direnak eta sortzen ari direnak». Eta jakina, horrek «aberastasuna» ematen dio emaitzari, «kolore guztietako gauzak ager daitezen, eta irakurle bakoitzak bere gustukoa topa dezan».
Sortzaileen aniztasunetik datoz, hein berean, gai aldetik, teknika aldetik eta ikuspuntu aldetik aniztasuna ere. Konparaketa artelan batekin egin du Mendigurenek: «Literaturan gaia da elementu bat, baina beste bat da horri ematen diozun itxura, teknika, eta berrikuntzak bietan gertatzen dira literaturan».
Diru kontuak hizpide
Jarraian, askotan hitz egiten ez den gai bat ekarri du Mendigurenek: euskal idazleek ez dute ia dirurik irabazten liburu bat idazteagatik. «Gutxi gora-behera, liburua saltzen den prezioaren %10 izango da idazlearentzat. 20 euroko liburu bat erosiz gero, idazlearentzat 2 euro izango dira. Batetik zergak daude, bestetik dendariak, banatzaileak eta argitaletxeak. Banaketa horretan, idazlearentzat %10 da».
Hizkuntza hegemoniko edo zabalduetako idazleen kasuan, eskala handiak ematen die irabazpidea. «Idazle bezala ezaguna bada eta jarraitzaile asko baditu, eman dezagun ehun mila ale saltzen dituela. Ingelesez ez da harritzekoa kopuru hori. Saldutako liburu bakoitzetik 2 euro jasotzen baditu, 200.000 euro dira. Kontuan hartuta lau urtean behin liburu bat idazten duela, bizitzeko eman dezake. Gainera hitzaldiak aterako zaizkio, edo kolaborazioren bat. Idazle bat profesionala izan daiteke, arrakasta badu».
Baina euskaraz «arrakasta duen idazleak» ere ezin du horretatik bizi. «Hemen liburu baten salmenta normala, salmenta txukun bat, 1.000 alekoa da. Idazle batek mila liburu salduta 2.000 euro irabaziko ditu. Hileko soldata bat izan daiteke, baina idazle batek ezin du hilero liburu bat idatzi. Batetik, fisikoki ezinezkoa da, denbora bat behar delako liburu bat sortzeko, eta, bestetik, merkatuak ere ez du asumitzen hainbeste liburu». Ondorioz, euskal idazleak beste irabazpide batzuen beharrean daude.
Itzulpengintzan
Itzulpenaren kasuan, jatorrizko idazleari ordaintzen zaionaz gain, itzulpena egitea bera ere ordaindu behar dela jakinarazi du beasaindarrak. «Liburu potolo samarra bada, 10.000 euro inguru kosta daiteke itzulpena, edo hortik gora. Ondoren, idazleak kobratuko du, baldin eta saltzen badu. Itzultzaileari egin duen lanarengatik ordaintzen zaio, eta saltzen den ala ez, argitaletxearen arazoa izaten da».
Beraz, itzulpengintzan ari dira euskaraz gauzak ateratzen; «lehen baino gehiago, baina oso gauza laburtxoak. Luzeagoak ateratzen badira, jaurlaritzaren laguntza dutenak edo plan bereziak egiten direlako da». Izan ere, gaur egun itzulpen luze baten gastua asumitzea «ezinezkoa» da, euskal merkatuak dituen ezaugarriengatik. «Idazle, inprenta, argitaletxe, banatzaile guztien diru banaketak justu samarrak direnean, horri gehitzen badiozu 10.000 euro… Hori justifikatzeko liburu hori asko saldu behar da. Bestela, dirua galtzen ari zara».
Bestelakoa da itzulpengintzaren egoera haur literaturan. «Umeentzako liburuak itzuliak asko izaten dira, baina testu masa idatzia gutxi dute eta itzulpenaren kostua ez da handia. Baina helduentzat, itzultzen diren liburuak, normalean, liburu laburrak izaten dira, edo laguntza ofizialen bat dutenak, erakunderen baten laguntza edo bultzada dutenak».
Irakurlea, «kili-kolo»
Hartzailearen edo irakurlearen kasuan, bestelakoa ikusten du egoera Mendigurenek. «Sarritan aipatzen da literaturaren krisia edo kulturaren krisia. Baina nik askotan esaten dut sormena ez dagoela krisian. Sortzaileak agertzen jarraitzen dute, eta gauza politak eta interesgarriak egiten. Baina, beharbada, irakurleak, hartzaileak, nahi baino gutxiago direla esango nuke».
Belaunaldi berriak alfabetatuagoak dira, baina ohiturak ere aldatu dira: «Testu luzeak irakurtzeko ohiturarik ez dute. Batzuek hartzen dute, baina beste askok ez». Gainera, irakurketak «konpetentzia asko» dituela uste du, «denbora gutxi daukagulako eta pantailek oro har denbora asko kentzen digutelako. Jendearen aisialdia aldatuz doa, eta kontsumo handia dago pantailetan, edo serieak plataformetan ikusten. Aisialdi ereduak aldatuz doazela eta irakurketarako denbora eta patxada hartzea ez dela erraza, orduan liburuen ohiko erosleak eta irakurleak kili-kolo dabiltza. Horrek dakar gure kultura mugatua izatea. Daukaguna daukagu».
Euskal zaletasuna, «makalaldian»
Beste hausnarketa bat ere gehitu du beasaindarrak: «Momentu honetan, euskaltzale guztiok kontziente gara, euskal zaletasuna ere makalaldian bezala dagoela, geldialdian gutxienez. Atzetik ez badago euskararekiko atxikimendu, siniste edo konbikzio bat –militantzia deitu edo maitasuna deitu, berdin zait–, gizarteak hizkuntza eta eredu nagusietara bultzatzen zaitu. Eta euskara bazterrean geratzen da, liburugintzan ere bai».
Argi du inork ez daukala «errezeta magikorik» egoera iraultzeko. «Baina denon artean esan egin behar diogu geure buruari, sinetsi egin behar dugu euskara dela gure hizkuntza, euskara dela euskaldun egiten gaituena, eta horrek eskatzen du euskaraz hitz egitea, euskara transmititzea, baina euskal kulturan murgiltzea ere bai. Bertsoak entzunez, kontzertuetara joanez, antzerkiak ikusiz edo liburuak irakurriz».
Argi du Mendigurenek lortu beharko litzatekeena: «Euskal komunitatearen partaide sentitzea, sortzaile moduan eta hartzaile moduan. Nik liburuak idazten ditut, baina kontzertuetara joaten naiz».
Hain zuzen ere, datorren urtean 50 urte beteko dira Mendigurenek lehen liburua, ‘Sei ipuin amodiozko’, idatzi zuenetik. Sortzen jarraitzen du oraindik ere. «Orain ez dut lehen bezainbeste idazten nik ere. Aurten atera dut nobela bat, ‘Borrero txiki bat’ izenekoa. Banabil beste historia batekin eta segituko dut sortzen ere». Izan ere, sormena ez dago krisian. ■
Irakurleen begiradatik
Otsoak Irakurle Taldeko Joxe Begiristain eta Aratz Aranburu.
Gero eta irakurle talde gehiago dago Goierrin, eta gero eta gehiago dira etxeko bakardadean irakurritakoa gainerakoekin elkarbanatzeko elkartzen diren goierritarrak. Ataungo Otsoak Irakurle Taldekoak dira Aratz Aranburu eta Joxe Begiristain. Irakurleen begietatik ere, euskal literaturaren egoeraren inguruan egindako galderaren erantzuna garbia izan da: «Nire bizipenetik, niri euskal literaturak asko ematen dit. Eta iruditzen zait eduki aldetik oso aberatsa dela. Idazle helduagoak bai, baina idazle gazteak datozenen ideiengatik, sormenagatik», dio Aratz Aranburuk. «Niri asko ematen ari zait, bai eduki aldetik eta bai aberastasun aldetik».
Joxe Begiristainen iritzian, «Euskal Herria den txikiarekin, beti harrituta egon naiz zein maila dagoen idazleen artean. Zer sormena dagoen literaturan. Atxaga, Lertxundi, Laura Mintegi… eta datozen gazteak ia ez ditugu kontrolatzen. Ezin iritsi gabiltza. Horrek esan nahi du, ikaragarria dela. Produkzio aldetik ondo ez, ikaragarri ondo».
Ehuneko ehunean, euskaraz irakurtzen dute, baina mundu osoko literatura. «Itzulpenak irakurtzen ditugu, euskaraz ez balira irakurriko ez genituzkeenak. Itzulpen oso onak dauzkagu. Itzultzaileengatik ere idazleengatik esandako gauza berdina esango nuke: oso itzultzaile onak daude. Eta guk asko gozatzen dugu», nabarmendu du Begiristainek.
Liburu bana aukeratzekotan, Aranburuk, Leire Vargas durangarraren, ‘Bihotz-museo bat poesia’ liburua aukeratu du. «Oso-oso ona iruditzen zait». Begiristainek, berriz, liburu bat baino gehiago, idazleak aukeratu dit: «Atxaga zale amorratua izan naiz beti. Baina, zorionez, jende gehiago ere irakurtzen dut. Ikaragarri gustatzen zait Karmele Jaio ere, oso-oso diferentea da. Unai Elorriaga ere asko gustatzen zait». ■
2025eko liburu ekoizpena Goierrin
- Ataun. Iñaki Dorronsoro Maioz, Azpijokoa Azpiazun (Erein). Eleberria. Euskaraz.
- Ataun. Jon Fontenla, Ataungo barrunbeak. Saiakera. Euskaraz.
- Beasain. Eneritz Martin. Estela: Bidaia. Narratiba. Elebitan.
- Beasain. Juantxo Unanua eta Xabier Garmendia, 1924-2024. Udal eraikinen mendeurrena. Saiakera. Elebitan.
- Beasain. Xabier Mendiguren Elizegi, Borrero txiki bat (Elkar). Narratiba. Euskaraz.
- Beasain. Mikel Urdangarin Irastortza. Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan (Jakin, EHU). Saiakera. Euskaraz.
- Beasain. Kristina Galarraga Zeberio. La memoria del corazón. Narratiba. Gaztelaniaz.
- Beasain. Mikel Aiestaran. Gazako istorioak. Bizitza gerren artean (Alberdania). Saiakera. Elebitan (Ibon Plazaola euskaratzaile).
- Beasain. Mariluz Cabezas Cid, Nunca fuimos ellos. Eleberria. Gaztelaniaz.
- Beasain. Maria Elosegi eta Juan I. Agirre Sorondo, Arriaraneko presa. Gipuzkoako Ingeniaritza eta Artea. Saiakera. Elebitan.
- Gabiria. Askoren artean, Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian. Saiakera. Euskaraz.
- Goierri. Jon Fontenla, Iñaki Aizpuru, Garazi Auzmendi. Saguzarren atlasa (Naturtzaindia). Saiakera. Euskaraz.
- Idiazabal. Edurne Urrestarazu, Mendia eta ni (Ikas). Haur literatura. Euskaraz.
- Idiazabal. Amaia Telleria, Aurpegiak (Alberdania). Eleberria. Euskaraz.
- Lazkao. Itxaso Salgado, (In)invencible, a partir de las 19.00 horas. Narratiba. Gaztelaniaz.
- Lazkao. Lierni Azkargorta, Anatomia bertikalak (Balea Zuria). Poesia. Euskaraz.
- Legazpi. Txusma Perez Azazeta. The mountain family. Relatos montañeros basados en hechos reales. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Legazpi. Elixabete Martin, La mitad de S. Eleberria. Gaztelaniaz.
- Legazpi. Ane Odriozola, Al subir la marea. Eleberria. Gaztelaniaz.
- Legazpi. Jose Antonio Azpiazu, El combate por el control del clima. Mitos y creencias populares vascas. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Legazpi. Maialen Mendinueta, Amatxo triste dago. Ipuina. Elebitan.
- Legorreta. Betzaida Urtatza, Imelda eta Arimen Gaua (Amesgile). Haur literatura. Euskaraz.
- Legorreta. Betzaida Urtatza, Mairuak (Amesgile). Haur literatura. Euskaraz.
- Legorreta. Betzaida Urtatza, Mateo misteriotsua II (Amesgile). Haur literatura. Elebitan.
- Olaberria. Maria Laespada Lazpita. Olaberria 1936-1945. Ikerketa historikoa, saiakera. Elebitan.
- Ordizia. Emilio Quilez. La saga de los Montero. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Ordizia. Iñaki Dubreuil, Epidemias en Villafranca II. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Ordizia. Ritxar Gomez, Patria, la buena. Eleberria. Gaztelaniaz.
- Ordizia. Luis Mari de Juan Irastortza. Itzalik gabeko emakumea. Eleberri laburra. Elebitan.
- Ormaiztegi. Balu. Amiltzearen lorratza (Txalaparta). Poesia. Euskaraz.
- Ormaiztegi. Balu. Gu da gure guda (Txalaparta). Aforismoak, argazkigintza. Euskaraz.
- Urretxu. Pedro Berriotxoa Azkarate. Areizaga, Jauregui, Echaluce: Generales urretxuarras. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Urretxu. Gorka Erostarbe. Auzokinak (Elkar). Poesia. Euskaraz.
- Urretxu. Joseba Gabilondo. Independentziaren dekalogoa. Hamar euskal etorkizun (Txalaparta). Ipuinak. Euskaraz.
- Urretxu. Mikel Imaz. Urola. Un camino de hierro y agua. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Zaldibia. Tere Irastortza, Glosak/Glosar el mundo eta Glosak/Glossar el món (Contrabando). Poesia. Elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz edo katalanez.
- Zerain. Jon Muñoa eta Andoni Eizagirre. Herri txikiak aurrera begira. Geroa auzolanetik. Saiakera. Euskaraz.
- Zumarraga. Fermin Lopetegi, SCR Auzokoak, cincuenta años de vida. Saiakera. Gaztelaniaz.
- Zumarraga. May Boeken (Maitane Vierbücher), Tus luces y mis sombras. Eleberria. Gaztelaniaz.
- Zumarraga. Antxiñe Mendizabal. Katona (Elkar). Eleberria. Euskaraz.
