«Taldean abesteak lotura indartsuak eta bereziak sortzen ditu kideekin»

Musika da Xabier Olaizolaren (Beasain, 2004) pasioa gaur egun. Pedagogia Musikala ikasten ari da Musikenen, eta Euskal Herriko Gazteen Abesbatzako kidea da 2022tik. Abeslari izateaz gain, zuzendari ere bada Zegamako Orkatz Txiki abesbatzan, eta bere helburua arlo horretan «formatzen» eta «hobetzen» jarraitzea da. Umeen abesbatzetan zuzendari lanetan ere badu esperientzia.
Nondik datorkizu abesteko zaletasuna?
Egia esan, ez dakit nondik datorkidan, etxean edo inguruan ez baitaukat abesten duen inor. Txikitatik gustatu izan zaidan zerbait da.
Zer ezaugarri izan behar dira abesbatza bateko kide izateko?
Ez da ezaugarri berezirik behar. Musikarekin gozatzeko, pertsona berriak ezagutzeko, eta disfrutatzeko gogoa izatearekin aski da.
Abesten ikasi egiten da edo dohain bat da?
Ikasi egiten da, zalantzarik gabe. Guk ez dugu gure ahotsa aukeratzen, baina erabiltzen ikas dezakegu.
Noiztik zara Euskal Herriko Gazteen Abesbatzako kide?
2022an hartu nuen parte EHGAn lehen aldiz.
Zer dauka berezitik taldean abesteak?
Taldean abesteak edo musika egiteak lotura indartsuak eta bereziak sortzen ditu kideekin. Nik, adibidez, abesbatzetan abesten ezagutu ditut gaur nire lagun minenak direnetako batzuk.
Erreferenterik ba al duzu?
Niretzat erreferenteak diren pertsonez inguratuta nago, eta egunero beraiekin denbora partekatzeko aukera dut: Hodei, Txomin, Lur, Ainhoa… Haiek dira nigan musikalki hobetzen jarraitzeko grina sortzen dutenak.
Abesteaz gain, abesbatzako zuzendaria ere bazara.
Bai, duela bi urte Ordiziako Oroith Txiki abesbatza zuzentzeko zortea izan nuen, eta orain Zegamako Orkatz Txiki abesbatza zuzentzen ari naiz.
Nola ikusten duzu abesbatzen egoera gaur egun?
Azken urteetan abesbatza askotan abeslari kopuruak nabarmen egin du behera. Horregatik, mundu guztia animatzen dut abesbatzaren batean izena ematera.
Zer ematen dizu abesteak?
Niretzat abestea ezinbestekoa da. Ondo sentiarazten nauen eta behar dudan zerbait da.
Zertan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Musika eskola edo kontserbatorio batean musika irakasle izan nahiko nuke, abesbatzen mundua alde batera utzi gabe.
Zein dira etorkizuneko zure helburuak?
Nire helburu nagusia naizena baino musikari eta pedagogo hobea bilakatzea da, etorkizunean nire ikasleei musikarekiko dudan maitasuna transmititu ahal izateko. Abesbatzen munduan ez dut anbizio handirik, ezta helburu berezirik ere; abesten eta zuzentzen jarraitzeko aukera izatearekin konformatzen naiz. ■
