'Villarrealak', Santa Lutzi feriako behorrak Lezaunera
Andia mendizerran, Lezaunen, behorrak elurretan. / Antxon Agirre Sorondo – Etniker
Urretxuko feriatik behoka gazteak erosi eta oinez eramaten zituzten lezaundarrek. Pirinio aldeko zaldiekin nahastu, arraza hobetu, eta Valentziara lanerako saltzen zituzten.
Gaur egungo feria handien ospea eta izena ez datoz ezerezetik. Ganadu azoka oso gutxi geratzen diren honetan, Santa Lutzi feriak oraindik Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du. Iragan aberatsago baten aztarna da Zumarragako Urdaneta hiribideko ganadu erakusketa eta sariketa, lanerako, eguneroko bizimodurako eta ekonomiarako animalien indarra ezinbestekoa zen garai ez hain urrutiko batena.
Dagoeneko galdu edo ahaztu den jakintza eta ondarea ere eman du Santa Lutzi feriak. Villarrealak deitzen zieten behorrena (gaztelaniaz ‘villarrealas’), adibidez. Lezaun herrian (Lizarraldea, Nafarroa) duela gutxira arte gorde dute Urretxuko azokatik eramaten zituzten behor mota horren berri. Urretxun luzaroan bizi izan zen Francisco Argandoñak 1999an jasota eta idatzita utzi zuen villarrealen informazioa, eta Jonmikel Intsausti etnografia zaleak berreskuratu du orain. Lezaunen –eta Euskal Herriko beste hamaika tokitan– berebiziko garrantzia izan zuen Urretxuko abere azokak; Urretxukoak, 1950eko hamarkadan leku faltagatik Zumarragara zabaltzen eta aldatzen hasi arte, han egiten zelako abereen feria ere. Lezaunen Urretxuko feria esaten dute oraindik zaharrek, lehenagoko Villarreal izenarekin bada ere.
Lezaungo herritarrek behor gazteak Urretxun erosten zituzten, eta egun pare bateko bidean Lezaunera eramaten zituzten, oinez. Neurri txikiko behokak izaten ziren, hanka mehekoak eta «latxa ardiak baino iletsuagoak». Bestetik, zaldiak ekartzeko beste horrenbeste egiten zuten, baina nafar Pirinio aldetik: Auritzera eta Aurizberrira joan, eta villarrealekin uztartzeko arrak handik erosten eta eramaten zituzten Lezaunera.
Urretxutik eramandako behorrek itxura bikaineko moxalak izaten zituzten, behin Pirinioetako zaldiekin uztartutakoan: altuera ertainekoak, bular ederrekoak eta buru txikikoak. Valentziako baratzean eta soroan lan egiteko estimu handia zuten Lezaungo abere hibridoek, eta bi urte betetakoan hara saldu ohi zituzten, ezker hankan Lezaungo A ikurra suz markatuta zutela.
Oso antzinako ohitura izan behar zuela idatzi zuen Argandoñak, berak umetan herriko zaharrei villarrealen aipamenak aditu izan zizkielako. Behokak erostera Urretxura joateko, Santa Lutzi eguneko feriaren bezperan arratsaldean irteten ziren, oinez. Iluntzerako Etxarri Aranatzera edo Altsasura iristen ziren, azken trena hartu eta Zumarragaraino iristeko. Ostatua aurkitzea nekeza izaten zuten, jendetza egoten zelako, eta tren geltokian aparkatutako bagoietan ere lo egiten zuten.
Biharamunean ferian behoka multzo bat erosten zuten. Benetako sistema komunitario bat zeukaten lezaundarrek, mankomunean erosi ohi zituztelako. Buru bakoitza bere prezioan ordaintzen zuten, baina etxera iritsitakoan, erosleen artean lagunkiro banatzen zituzten buruak, edo zozketaz izendatzen zizkioten bakoitzari. Tratuetan sekula ez zioten lezaundarrek elkarri trabarik egiten, alderantziz baizik. Norbait idatzi gabeko itun hartatik irteten bazen eta bere onurarako aparte ibili, gaizki ikusita geratzen zen eta kuadrilletatik apartatzen zuten.
Urretxutik Lezaunera ere kuadrillan eramaten zituzten villarrealak, Santa Lutzi arratsaldean bertan abiatuta eta gauerako ahal zuten lekuraino iritsita. Hurrengo egun osoan ibilita iristen ziren herrira. Kamioi bidezko garraioa hasi arte, oinez egiten zituzten joan-etorriak. Kamioien oso aldekoak ere ez ziren hasieran, behokak ez zeudelako ohituta eta bidean bat edo beste beti hiltzen zirelako. Gizon pare bat joaten ziren animalien artean, baten bat erortzen bazen altxarazi zezaten, besteek zapalduta hiltzetik libratzeko.
Lau-bost belaunaldiro, aldatu
Behorrak Zumarragan, Santa Lutzi egunean. / Aimar Maiz
Villarrealak gazteak izaten ziren, lezaundarrek ‘quincenos’ esaten zietenak, 15 bat hilabete zeuzkatelako. Haiekin batera, astoren bat edo potro handiago edo behor zaharragoren bat ere erosi ohi zuten. Arriskutsuak izaten ziren haiek mendira botatakoan, etorritako bidetik ihes egiteko joera izaten baitzuten. Andia mendizerran barrena, Altsasuraino itzuli zenik ere izan zen.
Behoka gazteak neguan etxeko animaliekin egotera berehala ohitzen zituzten, eta udaberrian mendira botatakoan ez ziren haiengandik aldentzen. Lezaundarrek iritziz, Gipuzkoan ez ziren askorik saiatu behor arraza hura hobetzen; «euren ‘biorrek’ –hala idatzi zuen Argandoñak gaztelaniaz ere, Villarrealei horrelaxe deitzen zietelako Lezaunen– argal eta orratz-hankekin jarraitzen zuten». Neguan ere mendian ibilarazten zituztelako izan zitekeen hori, ukuilurik ez baitzuten zapaltzen elurterik gogorrenetan ere. «Altzairua baino gogorragoak» ziren, hargatik, gipuzkoar behorrak. Arraza hobetzeko kezka 1960ko eta 1970eko hamarkadetan erne zen Gipuzkoan; estanpa hobeko zaldiko handiagoak lortzeko, Lezaundik eraman zituzten orduan hazitarako zaldiak Zumarragara.
Joan-etorriko bidaia izan zuten genetikoki, beraz, villarrealek. Lezaundik Urretxuko feriara behoka bila hain sarri joateak bazuen bere arrazoia. Arraza nahastu, eta neurrian hazten eta handitzen ziren heinean, mendian irauteko gaitasuna galtzen zuten. «Laugarren edo bosgarren belaunaldirako hobe zen aldatzea, eta txerto onena Urretxuko feriatik behokak ekartzea zen», idatzi zuen Argandoñak.
Villarrealekin elkartzeko zaldien kasuan ere sistema publiko-pribatu konplexu bat zegoen Lezaunen. Auritz aldeetik hazitarako zaldi onak ekartzen zituzten, normalean bi, eta haien ‘parada’ edo mantenua herri jabetzakoa zen. Gazteak ekartzen zituzten haiek ere, ‘quinceno’ edo 15 bat hilabetekoak.
Herrian hazitarako zaldi bat kentzea erabakitzen zutenean, zahartua edo errendimendu baxukoa zelako, udazkenean ordezkoa erostera joaten ziren. Bi gizon joan ohi ziren Auritzera, batzuetan alkatea eta udal zinegotzi bat. Gastuak herriak ordaintzen zituen. Itzulerako bidea ere etapaka eta oinez egiten zuten. Zaldi nobleak ziren, kabestrura ohituak eta gidatzeko errazak. Behor bat eraman ohi zuten komisionatuek, zaldiek segi ziezaioten.
Zaldi haien mantenua eta zaintza subasta bidez esleitzen zuten Lezaunen. Behorrak zeuzkaten etxeek bakarrik parte har zezaketen. Negua iritsi aurretik maiatzaren 15era mantentzeko konpromisoa hartzen zuten, eta herriak izendatutako batzorde batek jarraipena egiten zien. Maiatzaren 15ean Zaborrateko bentara igotzen zituzten hazitarako bi zaldiak. Beste subasta baten bidez izendatzen zuten hango zaintzailea ere, gauetan bordara biltzeaz ardura zedin. Egunez jare egiten zieten leku jakinetan, eta bakoitzak 500 metro bueltako behorrak hartzen zituen. Behorren jabeek libre zeukaten beren animaliak gehien gustatzen zitzaien zaldiarengana hurbiltzeko. Aldiz, ezin zuten zaldia hartu eta beren behorretara eraman.
Hartu-emanen eta jakintzaren ekosistema hori antolatu zuten villarrealak behorren inguruan. ■
