Zazpi
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Abenduan sartzean lehenik zubiarekin, bigarrenik Gabonekin eta ondoren urte berriarekin topo egin ohi dugu. Baliteke oraindik burutik ez pasatzea, baina gutxienez zeharka baldin bada ere begiratzen diogu datorren urteari.
Bilbon igarotako unibertsitate garaietan jai eta zubiak noiz genituen ikasturtea hasi orduko banekizkien. Oroitzapen zoragarriak eta ahaztezinak ditut bertan, sekula ahaztuko ez ditudanak. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi etxera bueltatzeko gogoa izaten ez nuenik, kuadrillakoekin, bestelako lagunekin eta familiakoekin elkartzeko. Irrikak bultzatuta, beraz, santuarioa nahi gabe edo nahita ikasi nuen garai hartan Sasieta mankomunitateak oparituta neukan mahai egutegiarekin.
Abenduaren 6a Konstituzio eguna edo San Nikolas eguna (Seguran jaia). Abenduaren 8an Inmakulada eguna. Abenduaren 13a Santa Lutxi eguna, Urretxun eta Zumarragan egun handia. Horren harira, gure amonak esaten zigun esaera zaharra datorkit burura: Santa Luzia, egun motza eta gau luzia. Egun berezia benetan. San Joan bezperaren beste muturreko senidea.
Ondoren, abenduaren 21ean San Tomas eguna; lagun artean maiz joaten ginen Donostiara. Segidan, abenduaren 22a, loteria eguna eta gure aitona zenaren urtebetetzea. Loteria eta itxaropena beti eskutik emanda, bestela, probabilitateari kasu eginda inork ez baikenuen erosiko.
Gabonetan murgilduta, abenduaren 24a Eguberri bezpera. Abenduaren 25a Eguberri eguna. Ia arnasarik hartu gabe datoz abenduaren 28an Inoxente eguna eta abenduaren 31n San Silvestre eguna.
Santutegia kontutan hartuta gure egutegia antolatu behar al dugu? Ba al dago beste modurik? Gai potoloa izanik, beste baterako utziko dut oraingoz hori. Edozein modutan ere, arreta jarri nahi diot santuekin zerikusirik ez duen egun bati. Nik gure jai egun nazionala, euskaldunon jaia, gurea, bertakoa, km 0, maite duguna, sentimendu bereziak dakarzkiguna, ez dut egutegian inon topatzen. Hutsune horrek samintzen nau. Gure patrimonioari dagokion balioa eta tokia emateko bide bat dela iruditzen zait. Ez bakarra, noski; bai, ordea, ezinbestekoa. Gure kulturaren altxor preziatua da eta babesteko modu bat da. Nik abenduaren 3a, Euskararen nazioarteko eguna, jai egun nazionala izendatuko nuke. Hasteko, Erkidegoan. Nafarroan dagoeneko jai eguna dela aprobetxatuz ( ez ordea euskararen egunagatik, Xabierko Frantziskoren heriotza egunagatik baizik) saiatuko nintzateke Iparraldeko hiru probintzietara zabaltzen. Hori lortuko bagenu, zazpi probintziak batzen gaituen jai eguna izango genuke. Benito Lertxundiren abestiak orduan zentzua izango luke: “Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi”. ■
