Gregorio Muro ‘Harriet’, euskal komikiaren aita-ponteko
Imanol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Hernaniar sortzaile hau inon ezagutzen badute, komiki azoketan da. Ibilbide luzea egin du euskal letretan eta, nahiz bere izena glamour eremuetatik urruti izan den, Euskal Herriko komikigintzako erreferente nagusia da. Baiki, bera da euskal komiki garaikidearen aita-pontekoa.
Ipurbeltz-en hasi zuen gidoilari eta marrazkilari ibilbidea, 1978an, Iker eta Ixone (Erein, 1978-1981) sagaren argitalpenekin, eta jarraian etorri ziren Tom eta Wandi (Erein, 1981-1982) izenekoarekin.
Ordudanik marrazkilari lanak utzi zituen eta gidoilari gisa aro oparoa abiatu zuen, inoiz sortu izan diren komiki saga borobilenak sortzeko.
Bere lana lau arotan (I-IV) banatu daiteke. (I) Hastapenetan, 80ko hamarkadan, haurrentzako literatura sortu zuen Ipurbeltz aldizkariaren arrastoan. (II) Gazte-helduei begira jarri zen 90eko hamarraldian, HABEkomik aldizkariaren abaroan, eta orduan eman zituen argitara lanik landuenak: Sorgin seinalea eta Justin Hiriart sagak, bakoitza bost liburukitan hasieran, eta askoz beranduago liburu-bilduma banatan. Etxe guztietan egon beharrekoak.
Geldialdi etsigarri bat gertatu zen hortik aurrera, 2015 arte iraun zuena. (III) Jada urte hartan, 2015ean, hernaniar komikigilea proposamen berri batekin agertu zen: argitaletxe propioa sortu zuen Harriet izenarekin. Oraindik hor jarraitzen duena merkatu frantziar-belgikarretik ekarritako lan bikainak euskaraz argitaratzen. (IV) Azken urteotan, bere gidoia duten lan berriak plazaratzen hasi da berriz ere.
Bere obretan aldarrikapen sozialez betetako gidoiak idatzi ditu, ekologia, indigenismoa, feminismoa, justizia soziala (boteretsuen desmasiak…), guztiak Euskal Herriko garai desberdinetan. Abilidade handiz idatzi ere, kontakizunaren harian akzioa nagusitzen dela jakinik. ■
