Begirada entrenatzeaz
Igor Susaeta • Kazetaria
Zutabe honetan leku aldetik ditudan mugak kontuan hartuta, utz iezadazue pintzel lodiko baieztapen bat egiten: lehen tabernaz taberna tragoak jotzen ziren, eta egun, aldiz, pisuak altxatzen dira gimnasioetan, eta serieak egiten dira; korrika zein bizikletan. Horrelaxe aurre egiten omen diogu eguneroko astunari. «Tentsioa arintzeko», esango luke beste hark. Lepoa jokatuko nuke: otsailaren 22an Urolako Trena Maratoian parte hartuko dutenei edo lehiatuko direnei galdetuko baliete kirola zergatik egiten duten, hamarretik zazpik erantzungo lukete antsietatea kontrolatzeko egiten dutela; edo antzeko zerbait. Gero badaude bihotzak minutuero 180 aldiz taupa egiten dienean «gozatu» egiten dutela diotenak. Jokabide hori ikertuko duten akademikoak behar ditu gizarteak; nik neuk, behintzat, kirola jolas denean disfrutatu dut: futbolean, pilotan… Batzuetan, 550 pultsaziotara, bai.
Tira, aldapa behera jokatuko den maratoi horrek bultzatu nau nostalgiaz-edo lerrotxo batzuk idaztera. Urolako Trenaz gogoratu nintzen. Bost urte besterik ez nituen itxi zutenean, 1986an, baina badut oroitzapen oso-oso lauso bat, noiz edo noiz auzoko umeak gure amekin Zumaiako hondartzara trenean joan ginenekoa. Nola joaten zen argia tuneletan, egurrezkoak zirela bankuak…
Ez naiz hasiko esaten «haiek bai garaiak!» eta horrelakoak, eta ez da izango nostalgia sentimendu huts bezala gutxiesteagatik. Ez nuke, gainera, batzuetan tentazioa eduki arren, gure gaur egungo begietatik iragan bat idealizatzeko zulo beltzean erori nahi. Eta brotxa lodia pasiatzera aterata, ideia hau izkiriatu dut, eta hona ekarri: ea ez ote zaigun hori gertatzen une batetik aurrera hasiberriaren begirada galtzen dugulako bizitzako arlo gehienetan.
Horri guztiari buruzko 10-15 minutuko podcast itxurako audioak bidali genizkion elkarri, azken 20 urteotan bizpahiru aldiz besterik ikusi ez dudan lagun handi batek eta biok. Begirada entrenatzeko beharraz aritu ginen. Besterik da nola egiten den hori pisurik altxatu gabe, hil ala biziko esprintik jo gabe. ■
