Kirol minoritarioen zaletasuna handitzen
Isila eta ikusgarritasun handirik gabea izan arren, arku tiraketak badu berezko erakargarritasuna: kontzentrazioa, zehaztasuna eta barne-lasaitasuna uztartzen dituen kirola da. Minoritarioa da oraindik, baina pixkanaka hazten ari da zaletasuna, tokian tokiko kluben eta elkarteen lanari esker.
Hasieran lagunarteko jarduera hutsa zena, eguneroko ohitura bihurtu da Jeronimo Gallina lazkaotarrarentzat. Gaur egun, arku tiraketak hartzen du bere egunerokoaren zati handi bat, Beasaingo Antzizar Arku Tiraketa elkarteko kide denetik. 1992an sortu zuten elkartea, eta ordutik bertan dihardu; 35 urte daramatza kirol horretan murgilduta, eta, denboraren poderioz, zaletasuna baino gehiago, bizimodu bilakatu zaio.
Elkartearen egoitza nagusia Beasaingo Salbatore auzoan dago, eta bertan dituzte entrenamendurako beharrezko azpiegitura guztiak. Barrualdeko instalazioez gain, aire libreko zelaia ere badute, eta horrek aukera ematen die 30, 50, 70 eta 90 metrora jaurtitzeko; hau da, nazioarteko lehiaketetan eta Olinpiar Jokoetan erabiltzen diren distantzia beretan aritzeko. Gallinak azaldu duenez, kanpoaldean entrenatzea izaten da ohikoena, «baldintza errealagoak» simulatzen baititu; barruko instalazioak, berriz, neguko hilabeteetan erabiltzen dituzte batez ere.
Arku tiraketan medikuaren gomendioz hasi zela gogoratu du; eraikuntzan aritu zen urte luzez lanean, baina lanbideak eragindako bizkarreko minek gero eta gehiago baldintzatzen zuten bere egunerokoa. Bi aukera proposatu zizkioten: igeriketa edo arku tiraketa. Badirudi, norbait, gorputza indartzeko egokiak direla, bereziki bularraldeko eta bizkarreko giharrak lantzeko. Hartara, ia kasualitatez hasi zena zaletasun bihurtu eta gaur arte eutsi dio.
Osasunari egiten dion ekarpena nabarmena bada ere, Gallinaren ustez arku tiraketak hori baino askoz gehiago eskaintzen du: «Pentsatzen laguntzen du, pazientzia eskatzen du eta mentalki kokatzeko baliagarria da». Kontzentrazioa, arnasketaren kontrola eta norberaren buruarekiko diziplina ezinbestekoak dira gezi bakoitza jaurtitzerakoan. Diziplina desberdinak daude —zehaztasunezkoa, basokoa, barebow edo tradizionala, kasu—, baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: taktika eta kontrol mentala. «Arku tiraketa ez da indarra bakarrik; %80 burua da, %10 materiala eta beste %10 fisikoa», laburbildu du.
Zaletasun handiagoa
Kirol minoritarioa izan arren, azken hamarkadetan Euskal Herrian gero eta zale gehiago erakartzen ari dela uste du Gallinak. Bere esanetan, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak mugarri garrantzitsua izan ziren. Garai hartan oihartzun berezia lortu zuen, eta eskuratutako emaitzei esker, gutxika-gutxika, garrantzia eta ikusgarritasuna hartzen hasi zen. Ordutik, pixkanaka baina etengabe, Gallinaren ustez geroz eta jende gehiago hurbildu izan da kirol honetara.
Goierrin ere antzeko bilakaera izan du. Eskualdeko kluba Olinpiar Jokoen urte berean sortu zen, eta urteekin inguruko herrietara ere zabaldu da zaletasuna. Gallinak azaldu duenez, arku tiraketa ezagutarazteko asmoz hainbat erakustaldi egin izan dituzte Ormaiztegin, Lazkaon, Gaintzan eta Beasainen, besteak beste. «Jende askok ez du kirol hau gertutik ezagutzen, eta probatzeko aukera ematen diezunean, askok errepikatu egiten dute», adierazi du.
Euskadiko Txapelketak, Lazkaora
Antzizar elkartea sortu zen urte berean jaio zen Euskal Herriko Arku Tiraketako Federazioa ere, eta Gallina hasieratik izan da bertako batzarreko kide. Batzar horretan tokiko klubetako presidenteek, monitoreek eta epaileek parte hartzen dute, eta kirolaren antolakuntza eta garapena bideratzeko funtsezko gunea da. Gallinak berak ibilbide luzea egin du epaile lanetan: hogei urtez epaileen presidente izan da, eta lurralde mailan ez ezik, estatu mailan eta nazioartean ere aritu da.
Esperientzia eta sare horri esker, azken urteotan Euskadiko Txapelketak Goierrira ekartzea lortu dute. Lazkaok dagoeneko lauzpabost aldiz hartu du txapelketa, eta aukeraketa ez da kasualitatea izan, Gallinaren hitzetan. «Kiroldegiko instalazioa oso egokia da, zabala eta moldakorra, eta udalak erraztasun handiak ematen ditu baimenak tramitatzerakoan». Azpiegitura egokiak izateaz gain, herritarren babesa ere «funtsezkoa» izan da lehiaketak bertan finkatzeko.
Aurtengoan, gainera, Euskadiko Txapelketa Astotxo Egunarekin batera egin dute, eta horrek ekitaldiari «ikusgarritasun handiagoa» eman dio, nahiz eta publiko gisa oraindik ez duten jende andana gerturatzerik lortu; Gallinak dio horrek oraindik erronka nagusietako bat izaten jarraitzen duela, hain justu. Parte-hartzaile kopuruak, ordea, azken urteetako goranzko joera erakusten du: Gipuzkoako txapelketan 70 lagun inguru aritu ziren, eta Euskadikoan, berriz, 140 inguru.
Antolaketa lanak «errazak eta azkarrak» izan direla nabarmendu du Gallinak, batez ere boluntarioen inplikazioari eta udalaren laguntzari esker. «Herriko zortzi lagun elkartu ginen, eta klubetik beste hamabost etorri ziren; azkenean, ia elkarri traba egiten genion», azaldu du umorez. Bere hitzetan, antolaketa bera «eraginkorra eta ondo koordinatua» izan zen, eta horrek ekitaldiaren arrakasta erraztu zuen, besteen artean.
Etorkizunerako harrobia
Erretiratuta egon arren, Gallinak ez du arku tiraketarekiko konpromisoa alde batera utzi. Egunero entrenatzen jarraitzen du, goizeko 8:00etatik 10:00etara, eta ohitura horrek diziplina eta jarraikortasuna eskatzen dituela azpimarratu du. Bere ibilbideari begira, kirolak izan duen bilakaeraz ere hausnartu du: «Hasieran ez genuen monitorerik; elkarrengandik ikasten genuen. Gaur egun, ordea, dena antolatuago dago, eta prestakuntza eskaintza ere zabalagoa da».
Ildo horretan, azken urteotan antolatutako ikastaroek garrantzia berezia hartu dute. Iaz, esaterako, Emakunderen bidez 14 emakumeri zuzendutako ikastaroa egin zuten Beasainen, eta azaroko beste saio batean 15 lagunek parte hartu zuten. Parte-hartzaileetako batzuek kirolarekin jarraitzea erabaki dutela nabarmendu du Gallinak, eta bere ustez, horrek erakusten du halako ekimenek duten eragina.
Hazkunde hori datuetan ere islatu da: urtebetean elkarteak 30 kide izatetik 50 izatera egin du jauzi. «Gero eta jende gehiago hurbiltzen da arku tiraketara, kirol honek ematen duen lasaitasunaren eta kontzentrazioaren bila», dio. Hazkundea motel samarra izan daitekeen arren, baikor agertu da etorkizunari begira: «Harrobia badago, eta orain gure lana da hori zaintzea eta indartzea». ■

