Lurra biziberritzeko apustua: Basoberri
Bere aitonaren baserria berreskuratu eta Zegaman bizi da Ana Muñoa (Entrena, Espainia, 1995). Ingeniaritza elektronikoa ikasi bazuen ere, landa ingurunera itzuli eta nekazaritza bere proiektu profesional bilakatzea erabaki zuen. Landaola sarietarako izendatuta egon da.
Ez da oso ohikoa nekazaritzaren aldeko hautu pertsonala egitea eta ordura arteko egunerokoa atzean utzita landa ingurunean bizimodu berri bat hastea. Are gutxiago hizkuntza eta klima ezberdinak dituen leku batera joatea. Hala ere, badira halako pausoa ematen dutenak. Horietako bat da Ana Muñoa, nekazari errioxar-zegamarra. Duela urte batzuk bere aitonaren Soraluze baserria berreskuratu zuen, eta gaur egun bertan bizi da.
Zegamarra zuen aitona, baina aitortu du berak ez duela sekula herriarekin harreman handirik izan: «Agurainen ezkondu zen aitona, eta nire aita, ondoren, Errioxan». Gutxika-gutxika, hegoalderantz joan dira bera eta bere familia, baina iparraldera itzultzeko hautua egin zuen orain urte batzuk Muñoak; aita zendu zenean, aitonarenak ziren lursailak egokitu zitzaizkion.
2020an etorri zen aurrenekoz Goierrira, eta pinudiak zituenez, egur kontuetan esploratzen hasi zen: aurreneko pinuak saltzen, berriak landatzen, sastrakak kentzen… orduantxe ikusi zuen basogintza eta nekazaritzaren mundurako atea zabaldu zezakeela. Pixkanaka lurrak berrantolatzen hasi eta fruitu txikien landaketa martxan jarri zuen. Ahabiak, masustak, mugurdiak eta grosellak produzitzen hasi zen. Orain bi urtetik, nekazari autonomo gisa jarduten du.
Bizimodu aldaketa nabarmena izan badu ere, «asebeteta» dagoela dio: «Egia da ordu gehiago eskaintzen dizkiodala, bai lursailean lanean, bai kezketan eta etxera eramaten duzun pisu horretan, askotan egun osoa ematen baitut burua deskonektatu gabe. Hala ere, badakit honek guztiak asebetetzen nauela; harro sentiarazten nau, eta aldaketa positiboa izan da».
Basoberri proiektua argitara
Basoberri-k gorpuzten du haren proiektua. Orain pare bat urte sortu zuen, lehen mugurdiekin aurreneko marmeladen probak egiten hasi zenean. Hasieran egindakoak oparitu egiten zituen, baina gutxika-gutxika lagunei zein ingurukoei saltzen hasi zenean ikusi zuen marka baten beharra zuela.
Hitz-joko bat dela jakinarazi du, basogintzaren eta fruitu gorrien artekoa: basoberri ‘baso berria’ bezala ulertuta, eta berri hitzak, aldi berean, ingelesezko berry (fruitu gorria) hitzari erreferentzia eginda. Basoberri lurraren birmoldaketa sustatzeko eta ustiategi jasangarria sortzeko helburuarekin jaio zen, eta gaur-gaurkoz lurzoruaren osasuna eta biodibertsitatea lehenesten ditu. Horren adierazgarri da pinudi-eremu bat nekazaritzarako lur emankor bihurtzeko abiatu duten eraldaketa-prozesua: lehen sektoreari aukera berriak irekitzeaz gain, tokiko paisaia «biziberritu» eta lurraren funtzio ekologikoak «indartzea» du xede.
Hartara, frutikultura eta basogintza jasangarria uztartzen ditu, tokiko produktuen aldeko apustu argiarekin eta garaian garaiko kalitatezko ekoizpenarekin. Muñoak egiten ditu horrek guztiak dakartzan lanak. «Lagunen zein bikotekidearen laguntza izan dezakedan arren, proiektuaren atzean ni nago. Haiek beren lanak dituzte, eta hau nire ardura da; momentuz bakarrik kudea dezaket, baina etorkizunean ikusiko da nola garatzen den».
Landaola Sarien ikusgarritasuna
Bide horretan, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da Landaola, eta Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egin nahian, Landaola Sariak antolatzen ditu urtero. Aurten izendatuta egon da Basoberri. «Batere espero gabeko sorpresa handia» izan da Muñoarentzat: «Ezin nuen sinetsi; beste proiektuen ondoan, txiki ikusten nuen nire burua». Hala ere, aitortu du «pizgarria» izan dela, sektoreari ikusgarritasuna emateko balio duelako.
Aldebiko jarduna
Urtaroaren arabera lan batean edo bestean aritzen da gehiago. Negua basogintzari erreparatzeko aprobetxatzen du, fruituen arloa neguan oraindik hastapenetan egoten delako. «Zuhaixkak dira, eta orain lau urtetik landatuta ditudan arren, hirugarren urtean hasten dira fruitua ematen». Hori dela eta, iaz hasi zen ekoitzitakoa aurreneko aldiz saltzen: marmeladak egin, eta dendekin harremanak egiten hasi zen, baita azoketara joaten ere. Geroztik, Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko, Legorretako eta Tolosako azoketan saldu izan ditu, baina harago ere joan nahi du: «Zegamako eta Segurako dendetan ere saltzen hasi nahi dut, baita Goierriz haragoko azoketara joaten ere».
Etorkizuneko asmoak dira horiek. Izan ere, Muñoaren ustetan, esku artean duen ekoizpena «nahiko txikia» da oraindik, eta horregatik basogintzaren eta nekazaritzaren artean dibertsifikatzen du lana. Ekoizpena handitzen hasten denean, berriz, nekazaritzan gehiago jardun nahi du, eta neguan, berriz, marmeladak eta zukuak egiteari denbora gehiago eskaintzea, udan dena batera egin behar ez izateko.
Oro har, «lan-ordu asko eta sakrifizio handia» eskatzen dituen lanbidea dela onartu du: «Zaila da lanbide honekin bizitza aurrera ateratzea, eta ia ezinezkoa baldin eta ez baduzu herentzia gisa hartu edo dagoeneko martxan dagoen ustiategi bat baliatu». Diru-laguntzei ere erreparatu die, baina hala eta guztiz ere, kontuak «oso justu» ateratzen direla dio. Zortekotzat du bere burua, baso-ustiategia dagoeneko martxan zegoelako aitonaren lursailak hartu zituenean: «Hasierako bultzada ikaragarria izan zen hura». ■

