Santi
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
IVEFeko 3. urtea Txilen egin nuen. 20 urte nituen, uda zen eta Argentina gurutzatzen ari nintzen autoestopean arrebarekin. Egun batzuk Barilochen pasatu genituen, hiriko lakuaren ertz bateko basoan kanpatuta. Egun haietan, bizilagun izan genituen bertan kanpin dendetan bizi ziren mutil batzuk. Bakoitzak bere istorio propioa zeukan. Haietako bat Santi zen.
Santi Buenos Airesekoa zen, tipo jatorra. Hortz batzuk falta zitzaizkion eta ez zuen lanik. Parrilla bat ezkutatuta zeukan basoan, eta YPFren gasolindegi batean dutxatzen zen. Hainbat urte eman zituen preso, eta oraindik debekatuta zeukan herrialdetik ateratzea. Urte batzuk atzera, gizon batek bere bizilaguna bortxatu zuen, eta, jakitean, gizona jipoitu eta etxea erre zion. Horregatik sartu zuten kartzelan.
Aldiro liburuez eta munduko injustiziez hizketan amaitzen genuen, eta patroi bera errepikatzen zen: Santik irakurrita zeuzkan, eta guk ez. Behin, zera esan zigun: «Vascos, tenéis que leer más, eh!». Gu harri eta zur: kalean bizi zen hortzik gabeko preso ohi bat gehiago irakurri behar genuela esaten ari zitzaigun.
Eta arrazoi osoa zuen. Lezio bat jaso genuen laku hartan. Gu ere, Santiren antzera, irakurri izanak eta ondokoarekiko elkartasunak bultzatzen gaitu sua piztera, eskuak zikintzera.
25ean Kubaren aldeko bilketak egingo ditugu. Santi imajinatzen dut parrilla bilketa puntura ekartzen. Zeren, Kuba eta Argentina ez daude hain urrun. Edo bai, Kuba mundutik aparte dago oraintxe. Bilketetara gerturatzea izan daiteke distantzia txikitzeko modu bat. ■
