Pagadiko espezieak: Hostazuria
Hostazuria (Sorbus aria (L.) Crantz)
Deskribapena
Hostazuria hostoerorkorra da. Haren hostoak (4-12 x 2-9 cm) sinpleak, obobatuak, ertz zerradunekoak eta azpialde iledunekoak dira. Hostoen azpialdea erabat zuria da.
Landare hermafrodita da. Loreak (6-7 x 4-5 mm) sortaka agertzen dira, eta bost petalo zuri txiki eta iletsu izaten dituzte. Haren fruitua (10-17 x 8-15 mm) mamitsua eta gorri-laranja izaten da.
Azal leuna eta grisa izaten du.
- Ekologia. Basoetako soilguneetan hazten da, batez ere eremu harritsuetan. Lurzoru silizeoak nahiago izaten ditu, baina kareharrietan ere agertzen da.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Apirila-maiatza.
- Tamaina. 5-15 m.
- Altitudea. 200-1.800 m.
- Erlazionatutako habitatak. Pagadia, hariztia eta ameztia.
- Oharra. Hostazuriak interes bereziko babes-maila du Gipuzkoan. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.

