Gizartea eraldatzeko tresna
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta kirol psikologoa
Futbola maite dugunon eta hain zaleak ere ez direnen ahotan dabil Realak larunbatean La Cartujan zeruraino altxaturiko Errege Kopa. Ez da gutxiagorako. Asko izan ziren Euskal herritik Sevillara joan zirenak finala ikustera, beste batzuek telebistatik ikusi genuen, baina berdin-berdin emozionatu ginen.
Hala ere, futbolean beti ez da dena festa izaten eta gaurko zutabea aprobetxatu nahi nuke askotan futbol zelaietan ikusten dugun zerbaiti buruz hausnartzeko: harmailak. Astebururo zenbat guraso ikusten dituzue oihuka, arima utzi beharrean, euren haurren partidetan? Zenbat epaileari (askotan adinez txikia izaten dena) izugarriak esanez? Zenbat guraso haurrari zelai barruan dagoela nola jokatu behar duen aginduz? Astero-astero ikusten dira horrelako irudiak inguruko zelaietako harmailetan, edozein kategoriatan. Horrek zer pentsatua eman behar liguke. Maiz sentitzen dut haurrak nori kasu egin ez duela jakiten, eta ez naiz harritzen. Entrenatzailea eta gurasoa biak garrasika, askotan batek ezkerra joateko dioenean besteak eskubira joateko esanez, eta haurra estresak jota, antsietateak jota. Zer futbol mota ari gara eraikitzen? Zer futbol mota nahi dugu? Zer eredu ari gara ematen? Eta zer eredu eman nahi dugu?
Alferrik ari gara haurrei ondokoak errespetatu behar dituztela esanez zelaira irten eta izugarriak entzuten badituzte, harmailetatik isekak eta hitz itsusiak aditzen badituzte. Bestalde, ez du ezertarako balio nire herriko futbol zelaian eredugarri jokatzeak ondoren Anoetara joan eta munstro bat bilakatzen banaiz. Zer ari dira haurrak ikusten? Zer ari dira haurrak ikasten? Bada, zer ikasiko dute ba! Guk gure ekintzekin erakusten dieguna, onerako nahiz txarrerako.
Bestalde, utz diezaiegun haurrei haur izaten eta goza dezatela baloiari ostikoka. Futbolak zentzu guztia galtzen du, eta ez futbolak bakarrik, gozamena desagertzen denean. Partida edo entrenamendu baten ostean zer da haurrari galdetzen diozun lehenengo gauza?
Kirola, eta ondorioz futbola, izugarrizko tresna iruditzen zait gaztetxoei (eta ez hain gazteei) balioak transmititzeko. Beraz, ez dezagun eskuartean daukagun aukera zakarretara bota. Eralda dezagun futbola eta futbolak eralda dezala gizartea. Edo bestela esanda: erabil dezagun futbola gizartea eraldatzeko tresna moduan. ■
