Ganaduzaleen festa, inoiz baino indartsuago
Iazko Santikutz jaietako ganadu ferian ikusgai egon ziren behietako batzuk, artxiboko irudian. / Tere Madinabeitia
Legazpiko Kale Nagusia mugimenduz beteko da datorren maiatzaren 2an, larunbata. Baserritarrak arreta handiz zaindutako abereekin jaitsiko dira; erakusketa hutsa izatetik harago, ekoizleen eta herritarren arteko topaleku izango da.
Santikutz jaiak ez dira kultur ekitaldien multzoa soilik. Azken urteotan, herriko baserritarrek bultzatutako ganadu feria jaietako ardatz nagusietako bat bihurtu da; belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohiturak berrindartuta, ekimen horrek tokiko nekazaritza eta abeltzaintza lehen lerrora ekarri ditu berriz ere.
2008az geroztik
Egungo egitura hartu aurretik, ganadu feriak fase ezberdinak izan ditu. 22 urte igaro dira Legazpiko Santikutz jaietan aurreneko ganadu feria antolatu zutenetik. 2008an hasi ziren urtez urte errotzen eta indarra hartzen joan den ekimen hori antolatzen. Azken urteetan geroz eta jende gehiago erakarri du feriak, eta garaiek aurrera egin duten eran, garapen nabarmena izan du ganadu feriak ere. Bilakaera horren lekuko izan da Ander Ibarguren, Legazpiko Lakiola Haundiko baserritar gaztea.
Kokapen aldaketak eta gazteen inplikazio gero eta handiagoak eragin zuzena izan dute, Ibargurenen ustez, ganadu feriaren azken urteetako hazkundean. Hasierako ekitaldietan Haztegi ikastolaren parean egiten zen feria, baina gero herrigunera ekarri zuten, eta azken urteetan Kale Nagusiaren behealdean finkatu da.
Azokaren osagarri gisa, kalearen goialdean artisautza eta baserriko produktuen postuak jartzen dituzte, eta gastronomiak ere badu bere lekua. Urte askoan burruntzian erretako arkumea dastatzeko aukera izan da, baina iaz txahala erre zuten arkumearen ordez. Iaz Urtatza baserriko abelburua prestatu zuten, eta aurten Ibargurenen etxekoa izango da protagonista. Ekimen hori Gure Esku Dago taldearekin elkarlanean antolatzen dute, eta talogileak ere izaten dira bertan. Horrek guztiak ikusgarritasuna handitzen lagundu duela esan du Ibargurenek.
Hamahiru ganaduzaleren abereak
Hasierako urteetan behiak eta zaldiak bakarrik erakusten bazituzten ere, gaur egun eskaintza zabalagoa da: astoak, behorrak eta ahuntzak ere ikus daitezke. Hala ere, aurtengo edizioa salbuespena izango da; ohikotik aldenduko da, ez baitira behiak ikusgai egongo. Behien artean zabaltzen ari diren gaitzen ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du animalia horiek lekualdatzeko baimenik eman.
Hala ere, feria makurrik ez dela izango ziurtatu du Ibargurenek, eta egoerari aurre egiteko, herriko feriaren izaera mantentzeko zein ohiko giroa izango dela ziurtatzeko, antolatzaileek behor kopurua handitzea, pisuaren lehiaketa mantentzea eta inoiz erakutsi gabeko nekazaritza-makineria erakustea erabaki dute.
Ibargurenek azpimarratu du feriaren helburua ez dela soilik erakustaldia egitea: «Herriko ganaduari eta ganaduzaleei ikusgarritasuna ematea da helburua, haien lana balioan jartzea eta hemen ekoizten dena ezagutaraztea». Guztira, herriko hamahiru-bat baserri zein ustiategitako abereak izango dira ikusgai, eta hainbat baserritarrek makineria ere erakutsiko dute. Agirrezabal, Zubiaurre, Astaola, Urtatzagoikoa, Uarkalde, Zabaleta, Beoki eta Lakiola Haundi baserrietako, zein Oier Aizpuru eta Joakin Odriozola ganaduzaleen ganaduak erakutsiko dituzte. Agirrezabal baserriko Joseba Anduezak, Urtatza baserriko Mikel Mantxolak eta Lakiola Etxeberriko Aner Telleriak eramango dute makineria.
Belaunaldi aldaketa
Azken urteetan, ordea, belaunaldi aldaketaren eragina ere nabarmena izan da. Lehen ganadua herrira jaisten zuten askok jarduera uztea erabaki dute, adinean aurrera egin duten eran, lanaren gogortasuna edo errelebo falta direla medio. «Behiek lan handia dute atzetik; baserritarrak aukeraketa bat egin behar izaten du behien artean, eta gerora, hura zaindu, atondu, txukundu eta kalera jaisteko prestatu. Lan nekeza da askorentzat, eta horregatik utzi diote batzuek parte hartzeari, nahiz eta baserritar askok bestelako lanetan laguntzen jarraitzen duten», dio Ibargurenek.
Hala ere, gazteen inplikazioaren gorakada nabarmendu nahi izan du: «Duela hamar urte erabakiak hartzen zituztenen seme-alabak dira gaur egun protagonista nagusiak». Bere ustez, horrek erakusten du, lehen sektoreak bizi duen testuinguru zaila gorabehera, legazpiarren artean badagoela lanerako ilusioa eta etorkizunerako grina.
Ganadu feriaren ikusgarritasuna handitzeko eta herritarrak ganadua zegoen tokira gerturatzeko asmoz, iniziatiba berri bat ere martxan jarri zuten Lakiola Haundikoek orain hiru urte: animalia baten pisua asmatzearen lehiaketa. Ganadua, herritarren zeresana eta sarien saltsa nahastuta, aurreneko bi urteetan Lakiola Haundiko idiak pisatu zituzten, eta iaz, berriz, behor bat. Aurten, berezitasun bezala, astakume bat jarriko dute jokoan, azken urteetako lehiaketei kontrapisua egiteko, alegia.
Lehenengo sektorea sarean josita
Lehen sektoreak izan dezakeen etorkizunarekin kezkaturik, mankomunitate mailan Gune nekazarien elkartea berpiztu nahian dabiltza Goierri goiko zein beheko nekazariak. Aurretik ere existitzen zen elkartea, baina «lozorroan» egon da gaurdaino, nahiz eta elkarte horrek izan duen gaur arte makineria zerbitzua eramaten zuen zerbitzu aktiboa: Nekalde. Adar sendoa izan da urteetan zehar, eta azkeneko bizpahiru urte hauetan hura berpizten eta orain dela 30 urteko abiarazitako ekimena berriz ere martxan jarri nahian dabiltza zenbait baserritar.
Horien artean da Ibarguren bera ere, eta baikor agertu da etorkizunari begira, nahiz eta «lan handia» egin beharko duten: «Etorkizuna badago, ikusten baitut inguruan herritarrak aktibo daudela,. Baina indarrak batzeko eta kohesioa erakusteko momentua dela iruditzen zait. Beharrezkoa da Gune bezalako elkarteekin batera sarea jostea, indarrak batzea eta kanpora begira hemen gaudela erakustea». ■
