Amorante frantsesa
Joxe Begiristain • Irakurzalea
Beste batzuekin txandaka, urtean 3 bat aldiz tokatzen zaigunez hemen aritzea, gertatu izan zait gomendatzeko liburu jakin bat izatea buruan, eta, azkeneko momentuan beste bati buruz idaztea. Gauza bera gertatu zait orain ere: ziur nengoen zein izango nuen hizpide, baina, hara non, beste honetaz aritzea pentsatu dut: Miren Agur Meabek oraintxe urtebete Susa argitaletxearekin ezagutzera emandako Amorante frantsesa nobela gomendatzen dizuet hemen.
Idazlea, pentsatzen dut, gehienok Kristalezko begi bat leitua diogulako ezagutzen dugula, baina baditu argitaratuak 100 liburu –erraz esaten da–, itzulpenak-eta kontuan hartuz. Poesia eta eleberria, bi literatura-generoetan da aritua Miren Agur Meabe. Aritua, aditua eta behin baino gehiagotan saritua!
Ataungo Otso Irakurleak Taldearen hileroko saioetako batean idazlea bertan genuela zukutu dugu Amorante frantsesa liburua eta, badakizue: norberak leitu duenari, taldekideek gehituko diotena eta, gainera, oraingoan bezala idazlea bera tartean badugu… Ba hori, liburu honi buruz edozeinen aurrean hitz egiteko aditu bihurtuak gara!
Txantxak txantxa, honezkero jabetuko zineten bezala, ordea, ez dut ezertxo ere esan liburua zertaz den. Nahita egin dut; ez dakit bidezkoa den, baina bakar-bakarrik bi gauza liburu honi buruz: eleberria dela esan dugu, baina poema bidez idatzia da! Eta, bestalde, poemak hainbat eratakoak badira ere (neurri jakinekoak ala ez, errimatuak nahiz errimatu gabeak…) horietako asko ozen irakurtzea plazera da.
Nik eskertua diot liburu hau irakurtzea gomendatu zigunari: ea beste norbaiti balio dion orain… ■
