‘Pikatosteak’
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Etiketei buruz aritu nintzen aspaldi, nola pertsona, abizen, afiliazio edota ibilbideari soilik begiratuta, proiektuak edo egitasmoak defektuz alboratzen ditugun. Banderizoen herrietan bizi garelako, gehiago edo gutxiago, baina inor ez da libratzen aurreiritzioz.
Badira, baina, egitasmo batzuk lortzen dutenak ezberdinak elkarlanean jartzea. Esaterako, Maiatzaren Lehenaren bueltan aktibatzen diren dinamika ederrak, helburu konkretu bati erantzuteko: herri bazkari erraldoi baterako jatekoa prestatu eta banatzea. Arroza gutxi ez, eta aurten 1.300 lagunentzat kalabaza krema prestatzea da erronka. Lehenengo pausoa, 120 kilo kalabaza zuritu eta moztea. Ez da lan makala.
Udaberriko oporrak hasi berritan elkartu ginen hamar-bat lagun, Lazkaon bertan, labanak eskuetan. Ordubete batean, lanak eginda! Beraz, eskualdeko gazta, bezperako ogia eta Nafarroako botila ardoren bat atera genuen mahai gainera. Orduan irten ziren bilera batzuk blokeatu zituzten ardurak, bati baino gehiagori loa kendu zizkienak. Nola prestatu? Nola banatu? Zer errezeta erabili?
Azken asteetan gutxi batzuen buruetan zeuden galderak kolektibizatzean, arazo larriak soluzio handi bihurtu ziren. Pikatosteak izango ditu kremak, olio tanta batzuk eta piper hauts pixka bat. Jana banatzeko, berriz, mahai gehiago erabiliko ditugu, katilu konpostagarri estuagoak, eta bandejak. Adostutako guztia ondo apuntatu, eta topa egin genuen.
Ez dakit zer izango den, heldutasun politikoa, ezberdinez inguratzeko gogoa, edo sistemaren larrialdiaren aurrean alternatibak indartzeko ilusioa. Baina kalabaza kremaren eta arrozaren bueltan egosten ari dena ez da soilik kalabaza eta arroz ekologikoa. Proiektu eta prozesu kolektibo eta politikoa da. Etiketak elkarlanean jartzen dituena, albokoa aitortuz eta errespetatuz, helburua bakarrik ez, bidea ere zainduz. ■
