«'Bertsolari' aldizkaria berritzailea izan zen hasieratik»
Bertsolari aldizkariak 35 urte bete ditu 1991ko udaberrian argitaratu zuten lehen zenbakia, eta ordutik 140 atera dira. Aldizkariak urtero lau zenbaki ateratzen ditu, urtaroko bat. Urteurrenaren harira, proiektu berri bat martxan jarri dute: ABD bideopodcasta. Hirugarren atala argitaratu berri dute apirilaren 29an. Beñat Hach Embarek (Ormaiztegi, 1989) Bertsolari aldizkariaren koordinatzailea da. Bera 2015ean hasi zen lanean aldizkarian, baina lehenagotik ezaguna zuen. Gainera, Bertsolari-rekin lotura familiarra ere badauka koordinatzaileak.
Nola ezagutu zenuen bertsolari aldizkaria?
Beasainen Loinazpen ikasten nenbilela Igartzako ipuin literatur lehiaketa irabazi nuen. Horren harira, ingurukoren batek Bertsolari aldizkariaren 59. zenbakia eman zidan. Gogoratzen dut Alaia Martin agertzen zela azalean, eta Bertsolariak Idazle zuela izena zenbaki hark. Bertan, bertsolari batzuei gai bat jartzen zitzaien, eta horri jarraituz ipuin bat idazten zuten.
Bertsolari aldizkaria gure familiaren ingurutik sortutako proiektu bat ere bada. Nire amonaren ahizpa bat Zumaiara bizitzera joan zen, eta bere ondorengo batzuek proiektu honetan lan egin zuten hasiera haietan. Hau da, lanean hasi aurretik, batez ere inguruagatik ezaguna nuen aldizkaria.
Noiz eta nola hasi zinen aldizkarian lanean?
2015ean lan bila nenbilen. Bertsolari aldizkarira, beste aukera batzuen artean, curriculuma bidali nuen. Eta, hartu egin ninduten. Hasieran, komertzial bezala sartu nintzen, apurka-apurka idazten eta bideoak editatzen hasi nintzen, eta gero pasa nintzen koordinaziora. Gaur egun webgunea eta administrazioa eramaten ditut. Denetik egiten dut.
Webgunearen ardura hartu nuenean hasi nintzen bereziki hara bideratutako edukiak gehiago lantzen. Horregatik, blogari taldea zortzitik hamarrera handitu genuen. Bakoitzari hilabetean behin kolaborazioak egiteko bertso jarriak jartzen dizkiet, eta bertso horiek sareetarako ikus-entzunezko produktuak sortzeko erabiltzen ditugu. Podcast bat sortu genuen, Makarrizketak. Bertso kontuei buruzko lehen podcasta izan zen, eta zazpigarren denboraldia egingo dugu.
Urteurrenaren harira bi berrikuntza nagusi izan ditugu. Lehenik, ABD Bideopodcasta sortu dugu, eta bestetik, urtean lau zenbaki ateratzetik bost ateratzera igaroko gara.
Zenbat langile zarete?
Erredakzio batzorde finkoan, hau da, beti elkartzen garenak, hiru lagun gara. Baina ez gara hiru langile jardunaldi osoan lanean. Diseinatzaileentzako hau bere lanaren zati bat da. Hemen ni nago zati handienean lanean, baina ni neu ere ez nago jardunaldi osoan. Inork ez du lan egiten aldizkarian bakarrik, denok beste lanen bat gehiago daukagu.
Nola lan egiten duzue aldizkarian?
Gu ez gaude gaurkotasunak baldintzatuta. Orduan, edukiak lasaitasun batekin lantzeko aukera daukagu. Urtean zehar ateratzen ditugun aldizkarietan ikus daitezke elkarrizketak, erreportajeak, iritzi artikuluak, eta beste patxada batekin egindakoak. Eta gero, batetik aldizkari tematikoa dela eta bertsolaritzaren inguruko kontu asko landuko dituela ahalik eta modu dibulgatzaile eta atseginenean.
Bestetik, espezializatu puntua ere badaukagula uste dut. Eduki sakonagoak, ikerketarekin lotuak ere lantzen ditugu. Hedabide jeneralistetan espezifikoegiak iruditzen zaizkielako bertsolaritzaren inguruan lantzen ez dituzten gaiak guk jorratzen ditugu. Horren adibide da ABD. Bideopodcastean beste leku batzuetan entzungo ez dituzun gauzen inguruan hitz egiten da.
Zer dela eta sortu duzue ABD bideopodcasta?
Bistan da komunikabideetan zein martxa dagoen digitalizazioaren ikuspegitik. Badakigu esparru desberdinetan eskaintza bat eman behar dugula jendea erakarri nahi badugu. Orduan, bideopodcastaren ideia izan genuen, baina ez genekien oso ondo nondik jo. Ane Zuazubiskarren ideia izan zen ABD saioa egitearena: alfabetoa hartu, eta letra bakoitzarekin bertsolaritzarekin lotura duen gai baten inguruan sakondu. Horretarako, atal bakoitzean gonbidatu bat izaten dugu. Ideia gustatu zitzaigun, eta martxan jartzen hasi ginen.
Lehenengo gauza lekua, aurkezlea eta grabaketa taldea antolatzea egin genuen. Jada hiru atal emititu ditugu, apirilaren 29an azkena. Hurrengoa ere prest daukagu, maiatzean argitaratzeko. Aurreikusten dugu bi urte eta pikoko proiektu bat izatea, hilero atal bat argitaratuz. Atal bakoitzean letra batekin lotutako hitz batean sakonduko dugu.
Zein zen ‘Bertsolari’ sortzearen helburua?
Aldizkaria hutsune bat ikusten zutelako sortu zuten. Lehenengo zenbakiko azalean Mañukorta bizarra egiten azaltzen da, adibidez, ordura arte inoiz gertatu ez zena. Bertsolari baten argazkirik ez zegoen, mikro aurrean abesten ez bazegoen. Kazetaritza ikuspegitik berritzailea izan zen.
1991ko testuingurua berezia zen, bertso mundua aparraldi batean zegoen. Txapelketak Euskaltzaindiak antolatzetik Bertsozale Elkarteak antolatzera pasa ziren. Bertso eskolak sortzen ari ziren, bertsolari belaunaldi berri bat zetorren ,telebistako Hitzetik Hortzera programa ere orduan abiatu zen, eta gaur egun inork amestu ezin dituen ikusle kuotak zeuzkan…
Aldizkaria berritzailea izan zen. Zenbaki askotan egin dizkio ekarpen bereziak bertsolaritzari. Kazetaritza ikuspegitik ere berritasunak hasieratik egon dira. Bertsolari aldizkariaren webgunea 1999an sortu zen, momentuko lehenengoetakoa izango zen. Papereko formatua interneten zintzilikatzeko plataforma zen, soilik.
Aldizkariak bertsolaritzari zer ekarpen egin dio?
Bertsolariek, beraiek kudeatzen dute mugimendua. Munduan horrelako auto-eraketa gutxi egongo dira. Nik uste toki bakarrenetakoa garela, non ahozko inprobisazio tradizionalak aldizkari bat duen. Baina ez bakarrik aldizkari bat: badauka telebista programa bat, irrati programak… Horren baitan ere ikusten dut nik Bertsolari aldizkariaren biziraupena. Guk egindako lanera etorrita, uste dut bertsolaritzari sakontasuna eskaini diogula, ertz edo begirada ezberdinak, gaztetasuna, lurraldetasuna… Ikuspuntu askotatik landu izan ditugu edukiak.
Nolakoa izan da aldizkariaren eboluzioa?
Aldizkaria sortu zenean ez zuten uste horrenbeste iraungo zuenik. Hasieran, aurrera ateratzeko egoskorkeriari esker eutsi genion proiektuari. Batez ere, lan oso militantea izan zen. Nik uste dut eboluzioa paperean eta digitalean, bietan egin dugula. Ikusten da aldizkaria nola egon den nahiko puntan diseinu grafikoaren munduan. Diseinu irizpide nahiko markatuak eta ikusgarriak izan ditu gure aldizkariak. Produktu erakargarria egiten saiatzen gara argazkigintza ikuspuntutik. Uste dut horretan Bertsolari asko saiatu dela.
Papera denbora guztian esparru digitalarekin kontrajartzen da. Baina nik uste dut paperak izango duela etorkizun bat, argi eta garbi. Agian ez egunkari edo astekari formatuan, baina iruditzen zait gurea bezalako edukiek, urtean lauzpabost eduki ateratzen ditugunak bezalakoek, kalitatezko produktu bat eskain dezaketela.
Zer etorkizun ikusten diozu ‘Bertsolari’-ri?
Lantalde egonkor bat daukagu, etorkizunari begira lanean jarraitzeko. Harpidedun komunitate bat ere badaukagu sustengatzen gaituena. Aurrera jarraitzeko harpide komunitate hori sendotu behar dugu. Horregatik, harpidetza paperean urtean 35 euroan eskaintzen dugu, eta baita harpidetza digitala urtean 20 euroan ere. Bertsolari.eus webgunean aurki daiteke harpidetzak egiteko informazio guztia, hor dauden bestelako edukiez gainera. Jendearen babesa behar dugu, ekarpen txiki horiez mundu mailako anomalia hau elikatzen jarraitzeko. ■
