Dabbah
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Aldatu dira garaiak, benetan aldatu ere. Eta izenak, benetan kanbiatu ere. Joxe Arratibel ataundarrak XX. mende hasieran entzundako ipuinak Kontu zaharrak liburu ederrean jaso zituen, eta XX. mende bukaeran esaten zuen mundua gehiago aldatu zela azken hogei urtean aurreko mila edo bi mila urtean baino. Aldatu dira garaiak, noski, benetan aldatu ere: Villafranca de Orian jaio nintzen eta goierritarrek Billapranka esaten zioten; N-1 errepideari kaminu berrie esaten genion, fabrika haundie CAF lantegiari, eta perie orain azoka esaten diogunari, jakin gabe feria hitza latinetik datorrela, eta arabieratik azoka: sūq. Arratibelek argiaren etorrera nabarmentzen zuen, argiak itzalitako mundu hura: «Hainbeste argirekin, gauak dagoeneko ez ditu neska-mutikoak beldurtzen».
Aldatu dira garaiak, baina gizakiak ez horrenbeste. Eduardo Galeanok arrazoiz idatzi zuen txurietan txuriena ere Afrikatik datorrela, beltzak zirela Adan eta Eba. Afrikan, Ali Baba eta berrogei lapurrak ipuina kontatzean, aberastu nahi duen gizon baten historia kontatzen da, baina San Gregorio auzoko Ergoiena auzoan gauza bera kontatzen zuten Lapurren leizea ipuinean. Eta Ali Babak «Sesamo, zabaldu!» formula esaten baldin bazuen, Arratibelenean «Abrite portas, klis-klas!» hots egiten zuten, han eta hemen gutxi-asko berdinak garelako, antzeko parezido guztiok ere. Edozein modutan, dena esan beharra dago: haien ipuinen amaierako «Hitza zilarrezkoa bada, isiltasuna urrezkoa da» formula dotorearen ordez, gurean ipuinak «Eta harrezkero lanik egin gabe bizi izan ziren» pragmatikoarekin bukatzen ditugu…
Aldatu dira garaiak, baina gizakiak ez horrenbeste. Malkaskon, CAF fabrika haundiko bide bazterrean, bazen etxe xahar bat, eta ate baten plakan ez zen bertakoen izen-abizenik ageri, Afrika izen hutsa baizik. Izen hark kariño faltan zeuden langileei emakume afrikar zapalduak non bizi ziren adierazten zien, izen hark erakusten zien non jo behar zuten emakume errukarrien aldaba: Dabbah.
Aldatu dira garaiak, baina gizakiak, zoritxarrez, ez horrenbeste. Eta gurera etorritako gizon-emakume asko etxe ziztrin hartan zeuden emakumeen antzera bizi dira gaur egun. Aldatu dira garaiak, baina noizbait migratzaile izan ginenok migratzaileak ondo hartu beharrean gaude orain, gu hartu gintuzten bezalaxe. Aberastu baino gehiago, normaltxo bizi nahi genuen guk, duin, eta halatsu haiek ere, gurean. Erregularizazioa deitzen diote, baina egoera da erregularizatu behar duguna, politikariek adina guk geronek, garaiak aldatu direlako, baina gizakiak eta beharrak igualtsuak direlako, egoki jo behar dugulako etorkizunaren aldaba, iluntasunak itsutu ez gaitzan. ■
