31 araua
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Euskaltzaindiak, 1995eko apirilaren 28an, Bilbon egindako batzarrean, 30, 31 eta 32 arauak onartu zituen. Hauxe dio, esaterako, orduko aktak 31 arauari buruz: «Merezi izan/ukan aditzaren osagarria aditz izen bat denean (joatea, ikustea, egitea) erabil bedi absolutiboa, eta ez ergatiboa, horrela erabiltzen baitu herriak bere eguneroko hizkeran eta horrela erabili izan baita euskararen tradizioan ere».
Ez dakit hiru arau onartu ondorengo protokoloa zein izango den. Arau bakoitzeko pintxoa eta edateko bat hartzeko ohitura finkatu balute, adibidez, euskaltzain bakoitzeko 201 banderilla eta trago izango lirateke, agian, Kafe Bilbaon. Beste aukera bat izan zitekeen paella-jana egitea, bi arau edo gehiago onartutako bileraren ondoren.
Aipatutako batzar horretan bertan, Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak ere arautu zituzten. Hori jaso zuten 32 arauan. Frantziakoek ekainaren 30 arte itxaron behar izan zioten 36 arauari. Nolanahi ere, oraindik munduko herri askoren euskarazko izendapena arautu gabe dago, ulertzekoa denez. Lehentasuna denik ere ez nuke esango, baina gaiari ordena bat ematearren, lehenengo Europako kirol talde nagusien herriak euskaratuko nituzke, falta direnak, eta, ondoren, Sogorb, Castelló probintziako herria, Herrialde Katalanetan. Egun horretan, gainera, Dani eta Jose herritarrak dei ditzakete, paelletan paellena presta dezaten. Hala egin zuten Arriaranen duela bi-hiru aste.
Arriarango ekitaldi horretan, seigarren eta zazpigarren Gitarra Gorriak banatu ziren. Hamar lagunek jaso dute elkartasunaren ikur bilakatu den instrumentua. Azken biak Basakana tabernako Txanik eta Mariajek eta Txuriya poetak.
31 araua onartu zenetik 31 urtera, borrokatzea merezi duela sentitu genuen bertan izan ginenok. ■
