Goierriko biztanleria gorantz, erritmo apalean
Eskualdea 71.000 biztanleko mugara arrimatu zen 2025ean, biztanleria estatistika ofizialen arabera. Azken errolda orokor baliozkoaren arabera, Goierrin 70.976 lagun bizi dira. Espainiako INE estatistika institutuak 2025eko urtarrilaren 1eko datarekin dauka azken biztanleria errolda hori ofizialduta. 2026koa, abenduan argitaratuko du.
Aurreko urtetik (2024) 257 bizilagun irabazi zituen Goierrik. Igoera apala da, %0,36koa, eta proportzioan Gipuzkoaren parekoa: %0,3ko igoera.
Goierriko 22 udalerrien artean, saldo positiboa 14 herritan izan zen, eta biztanleria galdu zuten 8 herrik. Proportzionalki gehien hazi zirenak
Mutiloa (%3,16) eta Ezkio-Itsaso (%2,72) izan ziren iaz. Kopuru absolututan, Ordizia (116 bizilagun gehiago) eta Beasain (87).
Galeren esparruan, biztanleria proportzioan gehien Altzagan jaitsi zen (-%3,51), ondoren Araman (-%2,81) eta jarraian Idiazabalen (-%2,25). Kopuruz, Idiazabalen 51 herritar gutxiago
zenbatu zituzten, eta Urretxun 35 gutxiago.
14 urtez azpikoak
Herrien zahartze prozesua eta birrerregenerazio gabezia adierazten duen beste datu bat, 14 urtez azpiko biztanleriaren proportzioa da. Gipuzkoan 2025ean biztanleria osoaren %11,4 zen 14 urtez azpikoen multzoa; hamar urtean 3,3 puntu egin du behera.
Goierriri dagokionez, hiru herri daude Gipuzkoan 14 urtepeko gaztetxoen biztanleria %10aren azpitik duten hamar udalerrien artean: Olaberria (%8,84), Gabiria (%9,41) eta Urretxu (%9,98).
Proportzio altuenekoen artean, berriz, %15etik gorakoetan, Itsasondo eta Zaldibia aurkitzen dira. ■

