‘I Swear’
Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Film bat egin aurretik, oinarrizko bi galdera agertzen dira maiz: zergatik une honetan, eta zergatik istorio hau. I swear filmak Tourette sindromea duen pertsona baten ibilbidea jasotzen du, haurtzarotik gaur egunera arte. Istorioa benetako gertakarietan oinarrituta dago eta, beraz, bere bizitzari buruzko informazioa eskuragarri dago hainbat iturritan. Nahikoa da John Davidson izena edozein bilatzailetan jartzea. Hala ere, datuak ezagutzeak ez du berez esperientzia ulertzea bermatzen. Horregatik, urtetan zehar hitzaldiak eman ditu bere egoera azaltzeko.
Berak dioenez, Tourette sindromea ez da arazo nagusia, jendeak nahasmendu hau zer den ez jakitea baizik. Ideia horretan oinarritzen da filmaren proposamena: errealitate bat azaltzearen eta hura zuzenean erakustearen arteko arrakala agerian uztea.
Orduan, zergatik istorio hau orain? Filmeko esaldi batek argi uzten du erantzuna: «Duela hogeita hamar urte jakin izan bagenu zer zen hau guztia, gaur egungo egoera oso bestelakoa izango litzateke».
Filmak, beraz, ikusleari errealitate hori gerturatzeko gonbita egiten dio, protagonistaren ikuspegitik biziaraziz eta egunerokoan oharkabean pasatzen diren keinuak berriz aztertzera bultzatuz. Kasu honetan, ez da nahikoa entzutea edo irakurtzea; ikusteak beste ulermen maila bat irekitzen du. Ingalaterrako erreginak Britainiar Inperioko Ordenaren kide bilakatu zuen, bere esperientzia eskolaz eskola eta hitzaldiz hitzaldi partekatzeagatik. Orain, kaleetan egin duen lan hori, zine aretoetara eta etxeko egongeletara eramatea lortu du film honi esker. Eta bai, agian filma ere berandu heldu da pertsona askorentzat, baina ez beranduegi behintzat. ■
