Goierri, belaunaldi arteko festen bilgune
Kinto egunak Goierriko herri askotan hitzordu jendetsu bihurtu dira, azken urteotan. Pandemiaren ostean ekarritako ospakizun sozial horrek gazteak eta helduak elkartu ditu, tradizio zahar bati izaera berria emanda.
Kinto eguna iragartzeko «irrikitan» egoten dela jendea adierazi du Ataungo Torto gazte asanbladako Asier Lasa kideak. Gaineratu duenez, azken lau urteetan «ondo errotu den festa» izan da herrian. Tortoko kideari egun «aberasgarria» iruditzen zaio belaunaldi ezberdinetako herritarrak elkartzeko. Kinto Egunaren laugarren edizioa ospatu zuten Ataunen, joan den otsailean.
Ataungoa ez da, ordea, Goierrin azken urteetan indarra hartu duen gisa horretako ospakizun bakarra. Kinto Eguna aipatutakoan, jendeak Segurara begiratzen du lehenbizi. Izan ere, han antolatu zuten aurreneko aldiz belaunaldi ezberdinak elkartzen dituen Kinto Egun bateratuaren juntadizoa, 2022an. Duela bost urte, pandemiaren osteko garaian sortu zen ideia: «Argi genuen Seguran gazteak zein helduak elkartuko zituen zerbait egin nahi genuela», azaldu du Iker Imazek, festaren antolatzaileetako batek. Iragan apirilaren 18an, bosgarren aldiz ospatu zuten Segurako Kinto Eguna.
Seguran eta Ataunen bezalaxe, Goierriko beste herri batzuetan ere errotu da ohitura hori azken urteetan. Esate baterako, Ormaiztegin, Idiazabalen, Zegaman, Legorretan edo Zaldibian ere kinto eguna ospatzen hasi dira. Goierrin arrakasta izaten ari bada ere eta erlatiboki ohitura berria bada ere, Nafarroan tradizio handia dagoela adierazi dute Segurako, Ataungo eta Zegamako antolatzaileek.
Herri bakoitzak bere modura ospatzen ditu kintoak. Denek ez dute berdin antolatzen. Herri batzuetan egitarau osatuago bat izaten dute, eta beste batzuetan, berriz, xumeagoa. Baina, orokorrean, kinto egunek antzeko egitura jarraitzen dute alde guztietan. Denek parte hartzea nahi izaten dutela azaldu du Zegamako Gazte Herexa taldeko Alain Lukasek. Gaineratu duenez, kintoek duten «nostalgia» eta «belaunaldi identitate» hori oso erakargarria suertatzen da.
Oro har, ospakizunak eguerdi partean hasten dira, kintoen arteko topaketekin eta argazki jendetsua aterata. Arratsaldean kaleak girotzeko tarteak izaten dira, karro-poteo, elektro-txaranga edo jolasen bidez; eta gaualdean musika eskaintzak borobiltzen du eguna, erromeriarekin, DJen emanaldiekin edo kontzertuekin.
Otorduak, taldeka nahiz batera
Kinto eguneko bazkaria, belaunaldi edo kintada bakoitzak bere kasa egiten duela adierazi dute Lasak, Imazek eta Lukasek. Hala ere, Zegaman bazkaltzeko leku gutxi egoteagatik, bazkari zerbitzua eskaini zuten: «Jendeak ondoko herrietara bazkaltzera joateko edanda kotxea hartzea saihestu nahi genuen erabaki horrekin», dio Lukasek.
Ormaiztegin ere herri bazkaria antolatu zuten iaz, herriko lehenengo kinto egunean. Eliz atarian, 150 lagun elkartu ziren otorduan, gazteetatik 90 urteko herritarretara.
Herri txikietan adin askotako jendea batera ibiltzen ohituta daudela adierazi dute Imazek eta Lasak. «Ataunen, adibidez, arraroa da adin bereko jendea bakarrik ibiltzea». Kinto egunean normaltasun hori apurtzen dute, eta horrek «zirrara» sortzen diela aitortu du ataundarrak.
Imazek dio hasieratik garbi zutela, ahalik eta diru gutxien xahututa eta buruhauste gutxi hartuta, «ongi pasatzeko zerbait» antolatu nahi zutela. Modu horretan, herritarren arteko harremanak sendotuz.
Antolatzen segitzeko gogoz
Deialdiek arrakasta izan dutela begi bistakoa da, azken bost urteetan kinto egunak zenbat ugaritu diren eta herrietan nola zabaldu diren ikusita, eta herri bakoitzean zer harrera ona eduki duen zenbatuta ere bai. Antolakuntza, gehienetan, gazte taldeek edo asanbladek hartzen dute beren gain, eta herri guztiari zabaltzen diete festara batzeko eskaintza.
Ospakizun hori antolatzen «oso gustura» ibiltzen dela adierazi du Torto gazte asanbladako kideak. Oso positiboki baloratu dute eguna, eta antolatzen jarraitzeko asmoa daukatela esanez borobildu du.
Kinto Eguna antolatzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Imaz segurarrak ere: «Erraz ateratzen den eta ongi funtzionatzen duen gauza bat da». Beste herri batzuen kasuan, Zegamarenean adibidez, bigarren ekitaldia irailean izango dute. Jendeak gogoz hartu zuen aurreko urteko festa, Lukasek azaldu duenez: «Lehenengo edizioak erakutsi zigun potentzial handia daukala egun honek, eta urtez urte hobetzen joan nahi dugu».
Antzinako kinto egunen sustraia edo esanahia gaur egungo festaren izaerarekin nola erlazionatzen den galdetuta, antolatzaileek adierazi dute gaia noizbait bileraren batean atera izan dutela, baina nahiago izan dutela jatorrizko esanahitik aldendu: «Oraingoz ez dugu ikuspuntu horretatik gaia asko landu», aitortu dute.
Beste esanahi bat
Segurakoentzat, hitzaren esanahia «naturalagoa» dela adierazi du Imazek. Adinkide edo urte berekoa izendatzeko, adibidez: «Txikitatik urte berean jaiotakoei kinto esan izan diegu, ez dakit nola deitu bestela ere».
Iraganeko kargari kasu handirik egin gabe, gaur egungo Zegaman ere «beste esanahi bat» eman diotela adierazi du Gazte Herexako Lukasek: «Belaunaldiak elkartzeko eta herriko giroa indartzeko festa moduan ulertzen dugu, herrian disfrutatzeko zerbait antolatzen saiatzen gara».
Gerrarako arrazoi hoberik ez da. ■
Soldadutzaren zamatik jai kultural herrikoira
Gaur egungo ‘kinto’ hitzaren esanahia ulertzeko, ezinbestekoa da mendeetan atzera egitea, kintoen festa historia sozialari estu lotutako tradizioa baita. ‘Kinto’ hitza XVIII. mendean Espainian ezarritako errekrutamendu militarreko sistema zaharretik dator. Zehazki, hasiera batean bost gizonetik bat hautatzen zuten armadara joateko, eta hortik geratu da ‘kinto’ (bostena) esaera. Era berean, soldaduskara zihoazen urteko edo deialdiko gazte guztiak izendatzeko balio izan zuen.
Soldadu joan aurretik, kintoek ospakizunak, bazkariak eta erritualak antolatzen zituzten herrian, lagunen babesa jasotzeko. 2001ean derrigorrezko soldaduska desagertu bazen ere, ohiturak bizirik iraun du zenbait lekutan.


