Ospatzeko egunak
Judit Garcia llorens • Baserritarra
San Isidro eguna orain dela mende batzuetatik Euskal Herriko landa eremuan baserritarren eta nekazarien artean ospatzeko egun garrantzitsua izan ohi da. Santua Madrilgo nekazaria izan zela irakurri dut, eta XVII. mendean kanonizatu zuten. Horren aurretik, garai honetan udaberri festak eta uzta onak eskatzeko erritoak eta ospakizunak baziren gure herrietan barrena. Baserrian eta nekazaritza jardueran garai oso garrantzitsua baita, lan askokoa eta etorriko den uzta baldintzatzen duena. Beste ospakizun askotan bezala, erlijioak bereganatu zituen eta San Isidro eguna ezarri zuen.
Egun hauetan herrietako festak nonahi dauzkagu, eta eskaintza kulturalaz aparte, janari eta edari kopuru izugarriak kontsumitzen ditugu: herri bazkariak, afariak; edari dastaketak, patata tortilla, paella txapelketak; hamaiketakoak… Askotan santua baino urrutiagotik datozen jakiekin prestatuak eta tonaka zabor ontzietan bukatzen dutenak, industrialki ekoiztutako jakiak penarik gabe harrika botatzen baititugu.
Herri askotan, udaletatik edo/eta auzolanez herriko produktuak kontuan hartzen dira jaiak antolatzeko garaian, baina oraindik ere gehiegitan, elikagaiei ez diegu duten benetako dimentsioa ematen: osasuna, ingurumena, justizia soziala eta beste herriekiko errespetua, tokiko ekonomia erreala, paisaia, kultura…
Zer ekoizten den eta nola ekoizten den: larrean oinarrituta eta lurrari lotua, kimikorik gabe, natura eta abereak zainduz… herriko jaien antolaketarekin ere, sustatu ahal dugu. Horretarako, herri askotan dauden kontsumo talde, eskualdeko kontsumo kooperatiba, azoketako ekoizleak, baserrietara zuzenean… jotzeko aukera erraza dugu Goierrin.
Ospakizunaren ondorioak zeharo aldatzen dira mahaiaren gainean dugun janariaren ekoizpen ereduaren arabera, eta gure inguruan, gazteen artean adibidez, sustatzen ditugun baloreek zeharo aldatzen dute: kontsumismo basatia eta kontsumo arduratsua, bakoitzak dakarren kate luzearekin. Eta noski, baserritarron lana eta jarduera honen beharra balioan jartzeko bide ezin hobea da, jaien erdigunera eramanda baserritar, nekazarien ogibideari prestigioa ematen diogu, erreferentzialtasuna gure gazteen artean.
Uzta onak eskatzeko beharrak segitzen du eta jaia egiteko gogoa eta beharra ere badugu, baina zapore hobea du lorpen on bat ospatzeko dagoenean eta benetako janaria mahaiaren gainean baldin badago. ■
