Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
Imannol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Norbaitek eskatuko balit esateko haur eta gazte literaturako idazle baten izena, erakusten duena abilezia genero literario ugaritan, adin guztientzat idatzi duena, eta gainera liburu formatu desberdinetan, orduan nik Yolanda Arrietaren izena botako nioke zalantza askorik gabe.
Argitaratu ditu berrogei titulu dagoeneko, denak ezin aipa, eta egin dezagun ibilbide kronologikoa irakurketa gomendio gisa har dezakezuna:
Baporea saria jasota hasi zuen ibilbidea Begigorritarren erlojua (1992) misteriozko nobelatxoarekin, zortzi bat urteko haurrentzako oso egokia. Handik hiru urtera Denboraren kanta-kontuak (1995) poesia liburuarekin haur hezkuntzako umeei ordu, astegun eta gainerakoez era dibertigarrian hitz egiten die. Beste hiru urte eta Jostorratza eta haria (1998, 2025) mitikoa argitaratu zuen, ama batek bere alaba nerabe/helduari transmisioaz hitz egiten diona, joskintza metafora iturri bihurtuta. Bi mila eta bederatzian Agur, ama! albumarekin amarengandiko banaketa behartuaren gai korapilatsua proposatu zien haurtxoei. Bi urtera ABCD berri bat (2011) izeneko albumarekin poesia narratiboan idatzitako istorioa kaleratu zuen gazte etorkin bat egoera berrira nola ohitzen den erakusten diona nerabe irakurleari. Euskadi Literatura Saria eman zioten Argiaren alaba (2015) saiakeragatik, zeinetan fikzionatu zuen Bizenta Mogel idazlearen bizitza, aldi berean fikzionatuz liburu hau osatzeko berak egin zuen ikerketa. Zorabiatzeko modukoa, ezta?
Aho bete amets : ahozko haur poesiaren alde (2016) izena jarri zion betiko sehaska kanten eguneratzea proposatzen duen bilduman. Handik pare bat urtera Mari Xor ipuinari buruzko bil lan plazaratu zituen, Klasikoak gaur: Mari Xor (2018) izeneko saiakera bata, ipuinaren bertsio irudiduna bestea Mari Xor (2018).
Oraindik orain argitaratzen jarraitzen du, ezusteko berri batekin aldiko. ■
