Fardela gurekin ez balitz bezala
Monica Leiva • Kazetaria
Badago zerbait aurrez aurre begiratzeak beldurra ematen diguna. Nahiago dugu ez jakin, ahalik eta urrunen ezkutatu. Txikitan ‘erreformatorio’ esaten zitzaien. Gaur egungo ‘hezkuntza zentroak’. Baina orain, orduan bezala, arazoa funtsean marjinaltasuna eta indarkeria dira.
Badalonan, jaio nintzen hirian, kinki bandak azpietxeetan bizi ziren. 40 urte pasa dira eta hor daude. Lehen txabolak, orain solairuak gainezka eta estatuko auzo baztertuenetan pilatuta, Sant Roc edo La Mina kasu. Orain, orduan bezala, ingurune desegituratuez ari gara, ama bakarrekoez, drogen kontsumoak zigortutakoez. Deserrotzea, abandonatzea, indarkeria fisikoa ala sexuala, edo gurasoen kartzelatzea bizitu behar izan duten haurrak. Beren izaera nabarmendu baino lehen, gertakari tragikoei aurre egin dieten umeak, zeinen oroitzapenak bizitza osoan zehar jarraituko dien kondena gisa.
Ezin dut saihestu. Zumarragako Ibaiondo zentroaren aurretik pasatzen naizen bakoitzean, Mary Shelleyren eleberria, Frankenstein edo Prometeo modernoa gogora etortzen zait. Izakia izaera onbera, adimentsu eta baketsuarekin jaiotzen da, baina gaizto bihurtzen da aitaren eta gizartearen aldetik jasaten duen arbuio, ankerkeria eta utzikeriagatik. Ez naiz han bizi diren nerabeak desenkusatzen saiatzen ari, delitua egiteagatik barneratuta baitaude. Kontua da kausak identifikatzea eta desagerraraztea, kausak gizabanakoetatik kanpo egon ohi baitira. Fardela gurekin ez balitz bezala xukatzeak ez gaitu inora eramaten.
Eta, hala ere, gizartearen zinismoaren aurrean, badira aldaketa posible dela uste dutenek. Ibaiondoko hezitzaileak eta gainerako langileak, niretzat benetako heroi garaikideak. Egunero, dena ematen dute estoldetan mutil horietako bakar bat ere ez uzteko. Izugarrizko higadura fisikoarekin eta emozionalarekin, exijentzia handiko ingurune batean, eta badakigu arriskutsua ere badela. Zelai Arizti parkean, Pitagorasen esaldi ospetsu bat irakur dezakezu mehatxu gisa mural batean: «Hezi haurrak eta ez da beharrezkoa izango gizonak zigortzea». Akaso ez da hori profesional horiek saiatzen ari direna? Txalo egin beharko genieke, eta, horren ordez, ez diegu jaramonik egiten. Urteak daramatzate hori oihukatzen: belaunaldi-erreleboa behar dute, lan-baldintza jasangarriak, prestakuntza hobetzea, gauzak benetan aldatuko dituen Gazte Justiziako Plana eta esku-hartze soziala garaiz egitea. Izan ere, indarkeria sistemikoa da, gizarte osoaren arazoa da, eta atzoko kinkiak eta gaurko Latin King-ak errotik esku hartzen ez badugu, bihar beste izen bat izango du. ■
