Bi data
Aitor Artza • Musika zalea
Udaberriarekin batera kontzertuak loratzen hasi dira inguru guzietan. Lazkaokoa izaki, pasa berri ditugun festetan aipatzekoa txosna gunean izandako kontzertuak, Maruxak esaterako, ehunka pertsona horrela dantzan ikustea festetako aldarrietako bat izan da zalantzarik gabe, latza.
Gure lagunartean badira bi data, zeinetan ea zein talde plazaratuko diren zain egoten garen, ea zein iragartzen diren alegia. Bata gure lagun Axio ta Annak (Behin Betiko Tattoo) beraien tatuaia estudioaren urteurren festan antolatzen duen kontzertua izaten da eta bestea, geuk udazkenean prestatzen dugun Aho Lehor Fest delakoa.
Beasaingo Behin Betiko Tattoo estudioaren bederatzigarren urteurrena izango da aurten eta hori ospatzeko kontzertua antolatu dute Osin Beltzen. Lau talde izango dira bertan. Goazen ba… Bartzelonatik NUL taldea izango da, punk zuzena post-punk doinuez bustita, katalanez abesten dute eta esate baterako Shelter talde amerikarrak estatuan egingo duen biran, beraien hiriko kontzertuan irekiko dute gaua. Bellum hurrena, Getariatik, eta aurrekoen antzerako ildotik, etengabean jotzen dirauen taldea, Beasainen egingo dute geldialdia. Zikin Lekeitiotik, azken hamarkadan Euskal Herriak eman duen HC-Punk talderik onena ez bada onenetarikoa zalantza gabe. Ibilbidea amaitzear dira eta bertan izango duzue parada azken aukera horietako batez gozatu ahal izateko. Gaua ixteko, ordea, hemen sorpresa: Tee Vee Repairman australiarra izango dugu. Egg Punk mugimenduaren izarretako bat eta musikari aparta. Gee Tee, Research Reactor Corp eta beste hainbat taldetan ere parte hartzen duena. Ramones, Buzzcocks, Modern Lovers eta Kinks kokteleran sartu eta nahaste horren emaitza da, esaterako, What´s on TV? bere diskoa. Entzun ezazue.
Musikaz gain, ordea, eta egunean zehar, 15 tatuatzaile izango dira bertan, tokian tokiko trebeenak, Bartzelonatik, Gernikatik edonondik, denean baitituzte Anna eta Axiok lankideak eta lagunak.
Aho Lehor jaialdia ere ari gara prestatzen. Urriaren 10ean izango da, eta jada lau talde lotuak dira. Bertakoak, atzerrikoak, talde berri-berriak, baina indarrean datozenak, sorpresaz betea. Laster albiste gehiago… ■
