Herri sokak
Mikel Sarriegi • Dantzaria
Pasa berri dira Beasaingo jaiak, eta urtero legez plazaratu dira hiru dantza-soka (edo aurresku), herriko talde edo jendarte anitzek osatuta: udal agintariek, haurrek eta herritarrek. San Prudentzioetan Lazkaoko alkate eta zinegotziek eurena dantzatu zuten, santikutzetan Legazpiko aurreskua eta kapela-dantza, eta laster etorriko dira Zumarragako santaisabeletakoa eta Ordiziako beste hirurak: udalarena, santanazaleena eta haurrena. Baita sanjoanetan egiten direnak ere. Hau idazten ari naizela, atzo Mariren jaitsierako suaren inguruan eskutik helduta gazteek borobildu zuten esku-dantza inbokatzailea daukat buruan iltzatuta.
Ez dut uste gure herriotan erritualizatuta dauzkagun ohitura horien atzean dauden sinbologiak, esanahiak, indarrak eta erakargarritasunak daukaten zereginaz ongi jabetzen garenik. Ez dira bakarrik mendez mende gordetzen ari garen tradizio hutsal baten adierazpena, ikusten ditugun dantzariak politak direlako, koloretsuak eta estetikoak direlako, ume txikiak plazan ikustea xarmangarria delako, musika atsegin zaigulako. Ez. Esku-dantza horietan guztietan, herri baten, komunitate oso baten batura, elkarbizitza, bizipoza… islatzen dira.
Dantzaren dimentsio kolektiboa esaten diote adituek. Eta azalpen zientifikoak ematen hasita, «beste pertsona batzuekin harremanetan gaudenean, gure garunak sinkronizatu egiten dira tartean emozioa dagoenean» (N. Castellanos). Erritmo berean musika berarekin dantzan
elkartzen garenean oso modu berezian gertatzen omen da sinkronizazio hori: mugimendu partekatuek lotura, arreta eta pertenentzia-sentsazioa sortzen omen dute.
Gure dantza-sokak, herrikideak lotzeko eta herria egiteko sokak. Ez besterik, ezin gehiagorik. ■

