Alajaina, ekaina!
Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Urte erdia joan zaigu ia. Ez dakit nor den denboraren kudeaketaren arduradun, baina argi dago bi minutuero beste bat jaten duela. Izugarrizko energiaz sartu ginen urtarrilean. Oroitzen? Pertsona berriak ginela ematen zuen. Horrelakoak esaten zituzten pertsonek: Aurten antolatu egingo naiz, gehiago irakurriko dut, hobeto egingo dut lo, gutxiago gastatuko dut, behar ez ditudan gauzak interneten erosteari utziko diot. Norbaitek entzun izan bagintu, esango zigun: «Inozoa!».
Lehenengo egunak ondo joan ziren. Agenda bat erosi. Bai eta koloretako errotulagailuak ere. Edonork daki hori eta, diziplinaren sekretu sekretuena errotulagailuak direla, koloretakoak. Lehen astea, antolaketa bikaina. Bigarren astea, orrialde bat txuri. Hirugarrena, nork lapurtu dit agenda? Desagertu egin da. Misterioa. Laugarrena, sofa azpian agertzen da. ‘2026 agenda’ ezabatu, ‘2027’ idatzi eta kaxoira. Bitartean denbora aurrera doa. Otsailak 19 minutu inguru iraun zituen. Martxoa oso astelehen luzea izan zen. Apirila «ia eguraldia hobetzen den» eta «hau beroa!» esanez joan zen. Maiatzak ilegalki eskuin aldetik aurreratu gintuen, eta honaino.
Hementxe gaude. Baina okerrena da urtarrilean bezala zentzugabeko gauzak egiten jarraitzen dugula. Hozkailua bi minutuero irekitzen jarraitzen dugu, tarte horretan magikoki nahi dugun hori agertzera joango balitz bezala. Gelara sartu ahala zertara sartu garen ahazten dugu. Iratzargailua ordubete lehenago jartzen jarraitzen dugu behin eta berriz atzeratuz azkenean beranduegi jaikitzeko. Gaur garaiz oheratuko naiz esaten dugu. Eta konturatu orduko ordu txikitan amaituko den telesail bat ikusten hasi gara. Igande arratsaldeetan atseden hartuko dugula sinisten dugu astelehena aurreratzeko besterik balio ez duen arren.
Lehen uda oso urruti ikusten genuen. Orain, beroki potoloa kendu orduko, gure etxeetan aire egokitua zergatik ez dugun madarikatzen dugu. Eltxoak bero egiten duen egun horretan bertan agertzen dira, ohar bat jaso izan balute bezala. «Buffeta irekita dago!». Eta hor datoz. Bat belarrira. Beste bat orkatilara. Inguruan dabiltza nork agintzen duen gogora arazteko. Tziiiiiiiii…
Baina lasaitu gaitezen urte erdia geratzen zaigu eta. Gauden hau kenduta beste sei hilabete oso. Asmo guztiak betetzeko edo berriak asmatzeko. Izan ere guztiok gauza bera egiten dugu. Abendua iritsiko da eta esango dugu: «Urtea ziztu bizian pasa da!». Eta urteak erantzungo du: «Ez, betiko abiaduran joan naiz. Zu izan zara Tiktok, Instagram eta Youtubeko bideoak ikusten denbora alperrik galdu duena, ‘hau azkena’ esan eta esan». ■
