‘Juana’
Irati Goikoetxea Asurabarrrena • Idazlea
Izan zezakeen beste izen bat, baina halaxe jarri zioten jaio zenean eta halaxe eraman zuen Jon Artanok 2023an argitaratu zuen liburuaren izenburura. Juana. Izenindartsua da indarrez beteriko liburu baten azalerako. Jaio zenean, noski, inork ez zuen aurreikusiko urte batzuk beranduago norbaitek, handi eta borobil, izenaren magia erabiliko zuenik izanaren magiari ohore egiteko. Non eta liburu batean. Galdera da ea Juanari Miren izena jarri izan baliote Jon Artanok liburuaren azalaren aurpegi izateko aukeratuko ote zuen. Baina Juana Juana da. Zer nahi duzue esatea: badu zerbait. Agian izango da urrutiko zerbaiten oihartzuna edo haustura bat erdigunean edo talka edo korronte edo haizete bat. Badu zerbait: Juana. Eta horrela memoria bihurtu du. Memoria egitea hautatu egiten baita. Zer eta nola gogoratu. Eta Jonek izenburura eraman zuen Juana Perea Plataren izena, garrantzitsua delako izendatzea. Amu bat ahanzturaren kontrako lehian. Ahanzturak borrokak zor dizkigulako. Eutsi egin diezaiokegu. Eta etsierazi.
Ederra da liburua, interesgarria oso, ttarttar-ttarttar zulatu egiten zaitu barrurago eta barrurago, eta aurrera egin ahala, barrurago. Ederra da liburua. Eta are ederragoa idazlea bera liburuaz solasean entzutea. Interesgarria da oso Jon hizketan hasten denean, isiltzen denean esaten duen guztia interesgarria den bezalaxe. Zulatu egiten zaitu ttarttarttar, barrurago eta barrurago ttarttarttar. Kolonbian jaio zen Juana eta Kolonbian hil zuten. Zoro zoragarria zela kontatzen du Jonek; zoro zoragarria zela idazten du Jonek hala kontatzen diotenen ahotsetik. Bere argi eta bere itzal Juanaren bizitza ilargi eguzkitu bat da Jonek maisuki idatzitako liburuan. ■
