Pasilluko gamelua
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Honi buruz idatzi aurretik bi aldiz pentsatu behar izan dut. Baina uste dut elkarbanatzeko moduko kontua dela.
Osasun arazoak medio, nire medikuaren zain nengoen aurreko batean ospitaleko itxarongela batean. Nire parean eserita, mutil gazte bat. Hura ere esperoan. Ez zen gela itxia, eta korridorean zehar gertatzen zena garbi ikusteko aukera nuen.
Hantxe ikusi nuen deigarria egin zitzaidan irudi bat. Plastikozko poltsa pare bat lurrean zituela, mugikorrari begira zegoen emakume bat. Hasiera batean pentsatu nuen bera ere nire egoera bertsuan egongo zela eta horregatik zegoela bertan.
Segituan konturatu nintzen, ordea, beste asmo batekin joana zela bera erietxera.
Kafea eskuan zutela pasa ziren bi mediku gelditu zituenean jabetu nintzen. «Kaixo barkatu, ez gara ezagutzen baina gauzatxo bat komentatu nahi nizueke», esan zien emakumeak espainolez. Medikuak gerturatu eta berehala hasi zen poltsetan zuen materiala ateratzen.
«X laborategitik nator. Pilula berri batzuk merkaturatu ditugu eta erakutsi nahi nizkizueke», jarraitu zuen. Medikuak horrelako egoeretara ohituta zeudela zirudien, kafea utzi gabe jarraitu baitzuten komertziala entzuten.
Laster eskaini zizkien kaxa batzuk, «etxekoekin edo probatzeko». Oso lasaigarri ona zela, eta beste laborategi batzuetako pilulek baino albo-kalte gutxiago eragiten zituela bere produktu miragarriak.
Nik ez nion begirik kendu hizketan hasi zenetik. Pixkanaka bera ere konturatu zen zelatan ari nintzela, tarteka medikuen atzean ezkutatzen saiatzen baitzen. Ez ziela denbora gehiegi lapurtu nahi gaineratu zuen orduan, eta kaxa gehiago oparitzearekin bat, azken esaldi borobila jaurti zuen.
«Hori bai, hemendik aurrera pazienteekin zaudetenean, gogoratu nirekin».
Sua piztu zen nire barrenean; eta isilik jarraitu banuen ere, uste dut nire aurpegiak esan nahi zuena primeran ulertu zuela pasilluko gameluak.
Nola da posible, erietxeko pasilluan bertan, gaixoen aurrean horrelako negozioetan aritzea? Pentsatzen dut horrelako egoerak uste baino normalagoak izango direla osasun zentroetan. Baina ez nuen espero hain disimulu gutxirekin egingo zirenik.
Orain dela urte batzuk niretzako gordeko nuen bizitako pasadizoa, baina bizitzaren kapitulu honetan egonda, nire medikuari salatu nion ikusitakoa. Ulertu zuen, eta kontuan hartuko zuela esan zidan. Auskalo.
Etxera itzuli eta beste laborategi bateko lasaigarri bat hartu behar izan nuen. ■
