Jende arrunta
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Gaur Pulp taldearen Common people izeneko kanta hartu nahi nuke abiapuntu gisa. Abestiak jende normala izan nahi duen neska dirudun baten istorioa kontatzen digu. Ideia, laburbilduz, hau da: nahita ere, sekula ez da besteak bezalakoa izango, bera zeharkatzen duten arazoek ez baitute zerikusirik jende normalaren arazoekin. Ghetto taldeak Jende arrunta izena jarri zion euskarazko bertsioari.
Ez dakit Goierrin zenbat jende arrunt dagoen. Asko eroso bizi da, baina bistan da gero eta kapa zaurgarriagoak agertzen ari direla.
Hauteskundeak gertu daude, eta abian da kanpaina ez-ofiziala. Beste behin, alderdi gehienak kale garbitasunaz hitz egiten hasi dira, eufemismo hori adierazpen oro debekatzeko erabiliz. Udaletan jende arrunt gutxi dago, nonbait. Ez da zerbait berria: joera orokorra da Euskal Herrian, eta Goierrin ere zerbait badakigu horretaz.
Gipuzkoako Txapelketan, areto zuri batean, agur hau kantatu zuen nire arrebak: «areto aseptiko hau, dagokigu hiltzea / pena litzake horren, garbia gelditzea / nere intentzioa da, paretak zikintzea».
Egunero biolentziak zeharkatzen du jende arruntaren bizitza: lan prekarioak, etxebizitzaren arazoa, eraso matxistak, poliziaren erasoak. Eta bitartean, pitilinen marrazkiak hormetan, eta kartelak, pankartak eta pintadak kriminalizatuta. Paradoxikoki, horrela esango nuke: egunerokotasun biolento honetan, ezerk ez du gordetzen bere baitan pareta zuri batek adina biolentzia. ■
