«Lanbide honetan gauzak oso azkar alda daitezke»
Alor profesionalean urte bereziki emankorrak bizitzen ari da Izaro Nieto Ruano (Ordizia, 2000). Interpretazioaren munduan kasualitatez hasi bazen ere, azken urteotan urrats sendoak egiten ari da euskal ikus-entzunezkoen panoraman. Film laburretan egindako lanek ate berriak ireki dizkiote, eta azkenaldian formatu handiagoetako ekoizpenetan ere parte hartzeko aukera izan du. Horren adibide da ‘Aloka(h)iru’ serie labur berria. Martxoan grabatu zuten proiektua, eta oraindik estreinaldi datarik iragarri ez badute ere, ETBn eta Primeran plataforman ikusi ahal izango da.
Zer konta dezakezu lanean aritu zaren ‘Aloka(h)iru’ proiektuari buruz?
EITBk sustatu duen zazpi proiektuetako bat da. Alba Lozano eta Nitya Lopez dira zuzendariak, eta seriea gorpuzten hasi aurretik adierazi zidaten proiektua garatzeko asmoa zutela eta protagonistetako bat ni izatea nahi zutela. Albarekin aurretik film labur batean lan egina nintzen, eta hortik sortu zen aukera.
Gaurkotasun handia du.
Seriearen abiapuntua gaur egungo gizartean oso presente dagoen arazo bat da: etxebizitzarena. Gazte askok bizi duten egoera du oinarri, eta gaurkotasunetik lantzen du gaia. Bilbon ikasten ari diren hiru neska gazteren istorioa kontatzen du. Pisukideak dira, eta bizi diren etxebizitzaren jabea hiltzen denean, haren semeak etxea alokairuaren bidez ustiatu nahi du etekin ekonomikoa lortzeko. Horretarako, hiru gazteak etxetik botatzen saiatuko da, baina haiek, egoerari aurre egiteko, hainbat negozio klandestino martxan jartzea erabakiko dute.
Gai garrantzitsu bati heltzen zaio, baina umorea da kontakizunaren ardatza. Uste dut horrek publiko askorengana iristeko aukera emango diola. Etxebizitzaren auzia ikuspegi desberdinetatik erakusten da, eta seguruenik ikusle askok beren egunerokoarekin lotuko dute.
Nerea Castroren papera antzeztu duzu. Zein da?
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari den gaztea da. Hiru pisukideen artean inpultsiboena eta nahasiena dela esango nuke. Berehala erreakzionatzen du, askotan pentsatu aurretik hitz egiten du, eta emozioak oso modu bizian bizi ditu. Pertsonaia oso energetikoa da, eta horrek ere dibertsioa ematen dio istorioari.
Nolakoa izan da hilabeteko grabaketako esperientzia?
Oso esperientzia ederra izan da. Egindako lanarekin gustura geratu naiz, baina batez ere lantaldeak utzi didan sentsazioarekin nago gustura. Grabazioetan giro oso ona sortu zen hasieratik. Denok sentitu gara oso zainduak, eta horrek eragin zuzena dauka lanean. Konfiantza handia eraiki genuen denon artean, eta horri esker askatasun handiagoz lan egin ahal izan genuen.
Lorea Intxausti eta Nerea Sanz izan dira beste bi protagonistak, eta beraiekin ere harreman oso berezia sortu dut. Batzuetan proiektu bat amaitzen da eta bakoitzak bere bidea egiten du; beste batzuetan, ordea, lotura sendoagoak geratzen dira. Kasu honetan, zalantzarik gabe, lagun handiak egin ditut.
Sinesgaitza dirudien arren, ez duzu interpretazio ikasketarik.
Egia da askotan harritu egiten dela jendea hori entzutean. Egia da txikitan noiz edo noiz komentatzen nuela aktore izatea gustatuko litzaidakeela; ez dut inoiz lotsa handirik izan jendaurrean aritzeko edo rol ezberdinak jokatzeko, baina ez nion buelta gehiegirik ematen. Horregatik, Arkitekturako gradua egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean.
Eta noiz berrartu zenuen zaletasuna?
2019an Akelarre filmaren casting irekian parte hartu nuen. Ez nuen paperik lortu, baina esperientzia oso positiboa izan zen. Handik urte batzuetara, 2021ean, Irrits film laburrean parte hartu nuen. Aukeratu egin ninduten, eta hura izan zen nire lehen lan profesionala; orduan konturatu nintzen antzeztea gogoko nuela eta bertan lekua aurkitu nezakeela. Gero etorri zen Utlandsk, Alba Lozanoren eskutik. Irrits ikusi zuen, eta protagonista ni izatea nahi zuela esan zidan. Horrelako aukerek konfiantza handia ematen dute.
Azken urtean jauzi handia egin duzu.
Bai, eta oso modu naturalean, gainera. 2025ean Aitor Abio zuzendariaren Dicen que tu padre film laburrean parte hartu nuen; ECPV Bilboko zine eskolako film laburra da. Urte emaritsua izan zen hura, Azken agurra film luzeko ko-protagonista gisa ere egin bainuen debuta. Orain arte egin dudan lanik handiena izan da, eta Aloka(h)iru seriearekin batera, nire ibilbideko mugarri garrantzitsuenetako bat.
Esperientzia bakoitzak zerbait berria ematen du, eta pilatutako lan horrek guztiak segurtasun handiagoa ematen dit gaur egun.
Zein formatutan sentitzen zara erosoen?
Film laburrak dira gehien ezagutzen ditudanak, urte gehiago daramatzadalako horietan lanean. Hala ere, azken urtean lehen aldiz egin ditudan film luzean eta telesailean ere oso gustura sentitu naiz.
Azkenean, gehien gustatzen zaidana interpretatzea da. Proiektu batek erakartzen banau eta pertsonaiarekin konektatzen badut, formatua bigarren mailan geratzen da. Film laburra izan, seriea izan edo film luzea izan, garrantzitsuena kontatu nahi den istorioarekin eta egiten ari zaren lanarekin identifikatuta sentitzea da.
Aurrerantzean, zer lan datozkizu?
Egia esan, oso pozik nago. Urtea amaitu aurretik beste hiru proiektutan parte hartuko dut: bi serietan eta film luze batean. Oso pozik nago gauza berriak ateratzen ari direlako; bereziki eskertuta sentitzen naiz.
Dena den, saiatzen naiz oinak lurrean izaten. Lanbide honetan gauzak oso azkar alda daitezke, eta, horregatik, gustatzen zait une bakoitza bizitzea eta etortzen diren aukerak aprobetxatzea.
Ba al da etorkizunean lan egin nahiko zenukeen proiekturik?
Ez dut proiektu zehatzik buruan, ez naiz kontu horiekin gehiegi itsutzen. Normalean ez naiz ni ideiak sortzen dituena; beste sortzaile batzuen ideietan enkajatzen naute ni. Hala ere, aukeratzeko aukera izango banu, Patricia Lopez Arnaiz edota Luis Zahera aktoreekin lan egiteak ilusio handia emango lidake. Zuzendarien artean, berriz, Alauda Ruiz de Azuaren lana asko gustatzen zait.■

