Gorria
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Udaren atarian argitaratuko da zutabe hau, urtaroa aldatu baino bi egun lehenago, ekainaren 19an. Solstizioaren ospakizuneko erritualak plazaz plaza eta herriz herri, berriz, lau egun beranduago ospatuko dira, San Joan sutan dantza, kantu, bertso, jauzi eta jai giroan.
Gorria da udaren kolorea niretzat. Egunerokoan, kontziente izan ala ez, askotan agertzen da. Apuntatu ea non ikusten duzuen eta baietz uste baino zerrenda handiagoa osatu.
Egutegian igandeak gorriz daude eta jaiegunak ere bai. Goierrin, behin Lazkao, Legazpi eta Beasaingo festak pasa ondoren, ia etengabea da hurrengo hilabeteetako jai egitaraua. Norbait hasiko zen San Ferminetarako zapi eta gerriko gorrien bila honezkero.
Azoka eta fruta dendak gorriago daude: sandia, melokotoi, albertxiko, nektarina, eta gereziak iritsi dira. Ordizian lehen tomateak salmentan jarri zirela badira aste batzuk. Baratzeetan ere tomate landareen bilakaera hizketa gai dugu eta, bertara joanda, orain hilabete batzuk landatutako marrubiak jatea benetan da plazera.
Gorriak dira azalean ditudan ziztadak ere, puntutxoak ustez, baina azkura eragile amorragarriak. Hasi naiz mendirako, kirol saioetarako eta egun hezeetan kalerako kaparren eta eltxoen aurkako espraiak erabiltzen, eta hala ere, hozkadak dozena erdika gehitzen zaizkit.
Arriskua eta debekua ere gorriz jantzi ditugu. Hondartzetako bainu debekua bandera gorriz adierazten da, trafiko seinale asko gorriak dira, semaforoa gorrian pasatzea arau-haustea da, Gurutze Gorriak larrialdi egoerak artatzen ditu, eta abar.
Agortzera doazen gailuen baterien seinalea ere gorria da.
Azala baino nahiago dut masailak gorritzea, eguzki-erredurak eta markak gehitzen ari direla ohartu bainaiz. Babes krematan bainatzen naiz eta itzalera joan eguzkitik ihesi, umetan oinetan erredura nabarmenak izan nituenetik.
Gorriak dira karramarroak hondartzan eta otarrain, abakando eta txangurroa sukaldean. Getarian, berriz, atun gorria gizentzeko itsas-haztegia jarri zuten martxan, lotsagorritu gabe.
Bihotzarekin, pasioarekin eta grinarekin ere lotu da kolore hau, maitasunaren kolore izendatuz. Larrugorri ibiltzen laguntzen dute tenperatura altuek, naturismoa eta toplessa mainstreaming ez izan arren.
Norberak erabaki dezala gorriaz nola gozatu nahi duen, lugorritu norbere baitako lurra eta ea zer erne, zer sutu eta zer loratzen zaizuen bertan. Gorritze on!■
