«Niretzat, kirola bizitzeko modu bat da»
Gaztea da, baina ez geldi egondakoa Endika Apalategi Labaien (Ataun, 2001). Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra amaitu berritan, Hik Hasi egitasmoan ari da lanean. Kirolzale «sutsua», pilotan ibilia, Iraitz Zubizarretaren eta Beñat Senarren botilero ibiltzen da tarteka. Ordizian saskibaloian ere jokatu zuen, eta orain Ataungo areto futbol taldearen entrenatzailea da. Zazpi urteko hutsunearen ondoren, gazte talde batek areto futbolean berriro hastea erabaki zuen. «Entrenatzaile ni izatea nahi zutela esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Denboraldi ahaztezina izan da. Taldekideon artean giro paregabea sortu dugu, eta etxeko partida guztietan Auzoeta kiroldegia herritarrez lepo ikustea izugarria izan da».
Zer da kirola zuretzat?
Kirola egiteak burua argitzen eta osasuntsu egoten laguntzen dit. Bestetik, kirol mota guztiak jarraitzea gustatzen zait. Askotan forofoegia ere banaizela esango nuke, baina, niretzat, kirola bizitzeko modu bat da.
Kirola, kantxatik ala aulkitik?
Oraintxe bertan, aulkitik. Kirolarien laguntzaileak ezinbestekoak dira, eta oso eroso sentitzen naiz taldeak kudeatzen zein kirolariei aholkuak ematen.
Zer zaletasun dituzu?
Mendira joatea, korrika egitea, lagunekin planak egitea, bidaiatzea…
Pelikula edo telesail bat.
El corredor del laberinto pelikula.
Liburu bat.
Ander Izagirre eta Zuhaitz Gurrutxagaren Txapeldunorde.
Musika talde edo abeslari bat.
Azkenaldian Zetak. Joan zen astean Bilboko kontzertuan egon nintzen.
Abesti bat.
Errepidean.
Oporretarako leku bat.
Lanzarote edo Costa Brava.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi txigortua olioarekin eta zukua.
Kolore bat.
Zuria eta urdina; ezin naiz bakarrarekin geratu.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Aitak Anoetara Reala ikustera eraman ninduen lehen aldia.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bost urte nituela gurasoek oparitu zidaten txakurra.
Amets bat.
Ni eta nire ingurukoak zoriontsu izaten jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Troskaetan mokadu bat egitea.
Goierriko txoko bat.
Aretza. Nire aitaren eta aitona zenaren mendirik gustukoena da.
Ataunen biziko ez bazina…
Tolosaldeko herri txikiren batean. ■

