Mendialdeko zuloak jendarteratzen
Zaldibiako hiru lagunek osatzen dute Ziztor Espeleologo Taldea. Urtarrilean inguruko kobazuloei buruzko informazioa biltzen eta horietara joaten hasi ziren. Instagramen bidez irteeren berri ematen dute.
Instagramean saltseatzeako ohitura dutenek –eta algoritmoak bideratuta hara iritsi direnek– agian entzuna izango dute Ziztor Espeleologo Taldea. Goierriko kobazuloetara egiten dituzten irteeren berri ematen dute @ziztor_zet kontuan. Zaldibiako 28 urteko kintako hiru lagun daude horren atzean: Ioritz Carrera (Zaldibia, 1998), Aritz Sukia (Zaldibia, 1998) eta Josu Murua (Zaldibia, 1998). Hilabete gutxitan jarraitzaile dezente pilatu dituzte.
Mendian ibiltzea gustatzen zaie, eta urtarrilean kobazuloei buruzko informazioa biltzen hasi ziren, Sukiak azaldu duenez: «Aitak esana zidan Alotza inguruan kobazulo polit bat bazegoela, eta egun batetik bestera Interneten informazioa biltzen aritu eta horrela hasi ginen». Inguruan zenbat kobazulo zeuden ikusten hasita, asteburu batean leize joatea erabaki zuten. «Ausa Gaztelu eta Txindoki artean dagoen batera, Urdanozuloko Haizpea izena duena». Harrezkero, ia astebururo egin dituzte irteera espeleologikoak.
Askotariko iturriak
Muruak zehaztu du aurretik eskalatzen ibiliak direla, eta aurrez bazutela jakintza sokak, arnesak eta bestelako materiala erabiltzen. Baina espeleologian «autodidaktak» dira. Youtuben bideoak ikusi, rokodromoan probatu eta entrenatu, Interneten informatu, euren kasara ibiltzen dira. Askotariko iturriak erabiltzen dituzte irteera bakoitza prestatzeko. Liburu pare bat erabili ohi dituzte koordenadak eta informazio orokorra jasotzeko, baina Sukiaren hitzetan «liburu horietan dauden kobazuloak mugatuak» dira. Horregatik, «beste bide batzuk» ere bilatu behar izaten dituzte: «Interneten begiratzen aritu gara, baina egia da zaildu egiten dela; zeren koordenadak badaude, baina ez dira hain zehatzak». Carrerak ahoz ahoko informazioa baliagarria zaiela gehitu du; alegia, jendeari galdetuta ere biltzen dutela informazioa: «Elkartu izan gara Goierrin espeleologia egiten duten hiruzpalau pertsonarekin, eta haiek esaten digute kobazulo bat oso polita dela, beste batek zera duela… Gero, gure esku dago bilatzea edo ez».
Aralarko kobetan ibiltzen dira gehienbat, baina Urbasan, Aizkorrin edo Murumendin ere egin dituzte irteerak. Nabarmendu dute ez dela kobazuloa bilatzea eta joatea soilik, aurretiko lana ere antolatu behar baita: barrutik nolakoa den, kartografia badagoen, materiala behar den ala ez, zenbateko garapena duen… «Ezberdinak dira materialik behar ez duzun kobazulo lau bat edo ailegatu eta sartzeko rapel bat daukana», azaldu du Carrerak.
Erraztasunik ez dute eman nahi
Instagram kontua «beranduxeago» ireki zuten. Urtarrilaren 25ekoa da lehen posta, Troskaetako kobakoa. Hogeitik gora post egin dituzte jada, bakoitzean irteera bateko azalpen bideoarekin. Sarastarriko kobazuloa, Akaitz Txiki, Lareoko koba, Leizadi, Kilixketako koba, Arroiko koba, Arleune leizea… Lekuaren izena, zein udalerritan dagoen, sakonera eta zailtasun maila zehazten dituzte. Materiala behar den edo ez ere bai, eta haitzuloaren inguruko bitxikeriak ere azaltzen dituzte. «Adibidez, zenbaitetan hartzek neguak pasatzeko egindako zuloak daudela dago dokumentatuta, kabi modukoak; joan gara eta ikusi ditugu». Joxe Migel Barandiaranek eta Juan Arin Dorronsorok leize-hartzaren inguruan egindako ikerketak aipatu dituzte iturri gisa.
1.600 jarraitzaile baino gehiago dituzte, bost hilabetean inguratuak. «Uste baino azkarrago». Iruzkinak jasotzen dituzte kontuan, gehienak positiboak, baina badira negatiboak ere. Turismoa kobazuloetara eramateko eta jendea espazio horietan ugaritzeko arriskua aipatzen dute batzuek. Baina Ziztor Espeleologo Taldekoek argi daukate: «Gure artean, hasi aurretik eztabaidatu genuen horren inguruan, eta lehenengo egunetik garbi daukagu publikazioetan ez dugula jarriko kobaren lokalizazioa edo non dagoen, ezta track-a ere. Erraztasunik, behintzat, ez dugu jarriko», esan du Sukiak.
Izan ere, informazioa haiek bilatu duten bezalaxe bila dezake gogoa eta abilidadea duen edonork, Carrerak gehitu duenez: «Norbaitek gogoa baldin badauka, bila dezala; guk bilatu dugun bezala haiek ere aurki dezatela». Diotenez, askok idatzi diete kobazuloak non dauden galdezka, baina erantzuna hauxe da: «Bila dezatela».
Aberastasunaren erakusle
Taldearen helburua kobazuloen inguruko informazioa jendarteratzea da, baina masifikaziorik ere ez dute nahi: «Kobazulotan hemen, batez ere Goierri inguruan, zer aberastasun dagoen erakustera mugatzen gara gu». Instagram kontua lagunarteko jolas modura ireki zuten, «jendeak ikus dezan kobazulo piloa dagoela». Mendirako zaletasun handia dagoen bitartean, espeleologiarako zaletasunik ez dago; are gehiago, «ezjakintasuna» da nagusi, taldekoen ustez: «Jendeak ez ditu ezagutzen inguruko haitzuloak. Ez da Txindokira joan behar beti». Lagun giroan kirolaz, mendiaz eta naturaz gozatzen jarraituko dute espeleologiaren bitartez. ■
Lagun talde baten abenturen kronikak
Taldearen izena ez dute nolanahi erabaki. Ziztorrak izena du Murua, Carrera eta Sukiaren kuadrillak, eta horregatik jarri diote Ziztor izena taldeari. Horrek jada pista bat ematen du: lagunartean sorturikoa eta lagunartean gozatzeko helburuz sorturikoa da. Hirurak dira taldearen muina, baina bidaideak izaten dituzte irteera batzuetan: «Zein kobazulotara goazen, eta materialik edo sokarik behar ez den baten bat baldin bada, agian ostiral arratsaldean kalean gaudenean galdetzen diegu lagunei ea norbait animatuko den asteburuan etortzera», azaldu du Carrerak.
Eta animatzen zaizkie ingurukoak eta lagunak, Sukiak baieztatu duenez: «Aldiro baten bat berria elkartzen zaigu, zeren, azkenean, nahiz eta horretan ez aritu, espeleologia zerbait polita da, kuriosoa». Materiala behar den kasuetan, orduan bai, hirurak bakarrik joan ohi dira.
Instagram bidez, taldearekin joateko proposamenak eta eskaerak ere jaso dituzte, baina argi dute inguruko jendearekin joango direla, inorekin joatekotan: «Bisita gidatuak egiten ditugun ere galdetu digute, ea apuntatu beharra dagoen gurekin etortzeko; eta guk ezetz, lagun talde bat garela eta ez dugula nahi ez-dakit-zenbat pertsona etortzerik».
Euskaraz egiten dituzte bideoak, ama hizkuntza izateaz gain, modu horretara «inguruko jendeak ikustea ziurtatzen» dutelako. Lagun talde baten abenturen kronikak dira bideoak, azken finean; kobazuloaren sarreratik hasita, barruan bizitzen dutena eta topatzen dutena jasotzen dute iruditan, eta off-eko ahotsarekin kontatzen dute hitzez, ondoren lagunek eta ingurukoek ikus dezaten. ■


