Biluzik egon behar al dute emakumeek museoan egoteko?
Lide Egizala • Arte zalea
Izenburuko esaldiaren aitortza Guerrilla Girls artista-talde feministari zor zaio. Talde hori New Yorken sortu zen 1985ean, artearen munduan dagoen genero eta arraza desparekotasuna salatzeko helburuarekin. Euren modus operandi-ari dagokionez, esan behar da, modu bitxian bezain komikoan jarduten dutela: gorila maskarez atontzen dituzte aurpegiak, anonimotasuna mantentzeko asmoz.
Beraien lanen artean, kartelak eta ilustrazio deigarriak nabarmentzen dira, eta horietako ezagunenetako bat da izenburuan aipatutakoa. Emakume horiek, 1989an, MET museoko arte modernoaren atalean zeuden artelanak aztertu zituzten, eta ikusi zuten %5 baino gutxiago zirela emakumezko artisten ekoizpenak; baita artelanetan ikusgai zeuden gorputz biluzien %85 emakumezkoenak zirela ere. Errealitate hori salatzeko asmoz, kaleak Jean-Auguste-Dominique Ingres margolariaren Grande Odalisque obra parodiatzen zuten kartelez bete zituzten: emakume biluzia gorila-maskara batekin agertzen zelarik.
Orain, imajinatu alderantzizko egoera: larrubizian eta hankartean taparraoa daramaten gizonezko zurien koadroz betetako galeria bat. Seguruenik irribarreak eta aurpegi deserosoak gailenduko lirateke gelan, eta segurtasun zaindariak ere ez luke jakingo nora begiratu. Erreakzio horrek erakusten digu arazoa ez dela gorputza bera, baizik eta urtetan normaltzat hartu dugun begirada. Emakumeen biluztasuna artearen parte balitz bezala saldu digute; gizonen kasuan, ordea, absurdoa irudituko litzaiguke.
Horrela, Guerrilla Girlsek tradizioaren eta normaltasunaren izenean eraiki ditugun errealitateak zalantzan jartzen erakusten digu, ez baitago askotan betaurreko moreak jartzea bezalakorik; edo, betaurrekoen faltan, gorila maskara bat. ■
