Handitik txikira, jolasean
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Mitoaroa III-k 2084. urtera eraman gintuen Santimamin elkartu ginen 40.000 lagunak. Etorkizun distopiko bateko publiko bihurtu gintuen Zetak taldeak, ekitaldi ikusgarri baten. Gizartea bare eta zoriontsu mantentzeko diseinatutako kultur proposamena, Kantauriko nodoan sistemaren kritikotasun oro bazterrean uzteko droga lasaigarria. Neure buruari tarteka galdetu nion ea pantailetan azaltzen ziren testuak ez ziren, funtsean, gaur egungo egoeraren taularatzea. Esajerazio puntu batekin, baina egungo errealitatetik ez hain urrun.
Ikuskizun makrotik, txikira jauzi: Hontza kabareta ikusteko bete zen Legorretako herri antzokia. 1926. urtera egin genuen jauzi orduan. Antzerki herritarra, gertukoa, hunkigarria, zaindua, maite ditugunek taularatutakoa. Barre algaraka antzokia, Legorretako erreferentziaz jositako ikuskizunean. «Nola ez dugu ezagutuko Bilore? Bertan lan egindakoak gara!», esan zidan irribarretsu emakume heldu batek. Lehenaldian kokatutako istorioa, gaur egungo herritarrentzat presente diren erreferentziekin. Publikoa ikusita, han gertatutakoak bazuen herri nortasunetik eta kontakizunetik asko. Zalantzaz geratu naiz, ea kabaretik egongo ote zen bere garaian Hontzan.
Sold out fenomenoa Bilbokoa… eta Ataungo Gau Ibilaldi Mitologikoa. Gu ere sarrerarik gabe gelditu ginen. Izango dute biek zerbait komunean, hainbeste antzoki, zinema eta areto erdi hutsik ditugun garaiotan. Beharbada, errelato partekatuaren presentzia, ezagun zaizkigun erreferentzia historiko eta mitologikoak, gure erroetara bueltatzeko saiakera, banatu baino batzen gaituen espazioen bilaketa… Dena den, argi dut, euskarak Legorretakoa, Bilbokoa, Ataungoa, agertoki handiak, txikiak, profesionalak, amateurrak… guztiak behar ditu. Ea hutsik gelditzen zaizkigun aretoak ere betetzea lortzen dugun. ■
