Laneratze bidean, formakuntza oinarri
Egoera zaurgarrian dauden pertsonen laneratzea sustatzen duen Elkar-EKIN Lanean programaren ibilbide formatiboak badoaz aurrera. 2027-2028rako hitzarmen berria osatzeko lanean ari dira eragileak.
Goierrin bizi diren kolektibo guztiek ez dute errealitate bera lan merkatuan txertatzerako garaian. Pertsona migratzaile asko egoera zaurgarrian bizi dira, eta horien laneratzea sustatzeko jarri zuten martxan Elkar-EKIN Lanean programa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goierriko udalek.
Goierriko Inklusio Sareak diseinatzen eta exekutatzen ditu programa horren markoan eskaintzen diren sei formakuntza ibilbide profesionalak, bi urteko iraupena duten hitzarmenak sinatuz. Hainbat kolektibok gizarteratzeko eta laneratzeko dituzten zailtasunen aurrean hausnartzea, esku-hartze eraginkor baten aldeko koordinazio moduak adostea eta laneratzeko baliabide berriak abiatzea dira helburuak.
Langabezia tasa %6koa izanagatik, eta enplegu aukerak egon badauden arren, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboak badira. Hauxe da profilik ohikoena: emakumea, etorkina eta 40 urtetik gorakoa. Oinarrizko ikasketak dituzte gehienek, eta horietako batzuek, hizkuntzekin ezin moldatua.
Prestakuntza, laneratzea helburu
Etorkinen etorrerak goranzko joeran jarraitzen du. Gaur gaurkoz, Gipuzkoako biztanleen hamarretik batek atzerriko nazionalitatea du. Nabarmentzeko beste datu bat badago: Gipuzkoan langabezian dauden pertsonen ia erdiak urtebete baino gehiago daramate lanik egin gabe, eta egoera horrek lan merkatura itzultzeko zailtasunak biderkatzen ditu.
Goierrin, bi urteko epean, 88 pertsona prestatzea eta horietatik hamahiru gutxienez lan merkatuan txertatzea du helburua inklusio sareak. Horretarako, eskualdeko enpresekin sentsibilizazio lanak egiten jarraituko dute, formakuntza ofizialak eskainiz –ziurtagiri profesionalak–, zeharkako prestakuntza eta enpresa praktikak bideratuz, eta prozesu guztian akonpainamendua emanez.
Bi partaideren lekukotzak
Venezuelakoa da Luis Alfonso, 32 urte ditu, eta iazko martxoan iritsi zen Euskal Herrira, lehenik Donostiara eta ondoren Ordiziara. Medikuntza ikasketak ditu, eta Ordizia Koloreren bidez jakin zuen arlo soziosanitarioko Zaindu Goierri ibilbidearen berri. Mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko lehen modulua egiten Goierrin lau hilabete eskas zeramatzala hasi zen. Hori urtarrilean bukatuta, otsailetik ekainera bigarrena osatu du, Higienea eta etxeko osasun-arreta izenekoa.
«Formakuntza bera eta eman diguten arreta bikainak izan dira. Emazteak eta biok egin dugu ibilbidea, eta medikuak garenez, hainbat arloren berri bagenuen, baina pertsonalki asko aberastu gaitu, eta gure garapen pertsonalean beste urrats bat egin dugula sentitzen dut: dependentzia egoeran dagoen jendea nola tratatu, ikastaroko kideen artean enpatia nola landu, ez da arlo akademiko hutsa izan», nabarmendu du.
Haien egoera erregularizatzen ere lagundu die prestakuntza ibilbideak. «Erresidentzia baimena eman zigun ikasle bisatuarekin, eta orain helburua da ikaslearenetik langile kualifikatuaren estatusa lortzea, BAME azterketan (Barneko Mediku Egoiliarra) –MIR gazteleraz– parte hartu ahal izateko. Europarrak ez izanda, plaza gutxiago daude guretzat, baina gure helburua mediku bezala lan egitea da». Gaur egun Espainiako estatuan aritzeko titulu homologazioa badu, Euskal Autonomia Erkidegoan kolegiatuta.
Arlo profesionalean eta legalean pausoak emateaz gain, «komunitatean integratzea eta Ordizian jende berria ezagutzea» ahalbidetu dio formakuntzak, eta aipamen berezia egin dio ostegunero eguneko zentroko egoiliarrekin egiten duten Goazen Ordizia ekimenari. Euskal kulturari begirune handia dio, eta iritsi berritan Ordiziako Udalak AEKrekin elkarlanean antolatutako oinarrizko euskara bat ere egin zuen.
Orain 18 urte Nigeriatik Valentziara joan, handik Gasteizera, eta azken lau urteak Ordizian daramatza Loverth Avenbuanek. 46 urte ditu, guraso bakarreko ama da –hiru seme–. Lan duin bat lortzea du helburu. Zaintzako formakuntzan eman zuen izena , baina berehala ohartu zen gazteleraz trebatu behar zuela lehendabizi.
Otsailetik ekainera IkasGUNE prestakuntza ibilbidean aritu da, gaztelania, matematika eta digitalizazio arloak lantzen. «Oso ondo sentitu naiz irakasleekin eta ikaskideekin. Gustatu zait, eta gauza asko ikasi dut». Lanbiden izena emanda dago, eta bere nahia lanean hastea da, «garbitzaile bezala, esaterako». Deitzen ez badiote, zaintzako ibilbidea egin nahiko luke.
2027-2028 plangintza berria
2025-2026 ikasturteko plangintza lotuta dago jada, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du 2027-2028an ere jarraipena izango duela Elkar-EKIN Lanean programak. Horretarako hitzarmena berritu beharra dago, eta prozesu horretan proposamen berriak jaso eta ibilbide berriak diseinatzeko borondatea du Goierriko Inklusio Sareak. «Proiektua bide onean doa, eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aukerak indartzen jarraituko dugu lanean. Proiektua elkarlanean gauzatzeak esku-hartzea eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du». ■
SukaldaTU indarberrituta dator
Irailetik abendura egingo da sukaldaritzako oinarrizko ezagutzak eskaintzen dituen SukaldaTU laneratze ibilbidea. Goierri Eskolan egingo dituzte saio teoriko-praktikoak –arratsaldez–, eta Eguberrietan praktikak eskualdeko taberna-jatetxeetan.
Ziurtagiri profesionala ez ezik, elikagaien manipulaziorako titulua ere lortuko dute partaideek. Sukaldaritza formakuntzaren bigarren edizioaren aurkezpen ekitaldia irailaren 8an egingo dute: lehen saioa 10:00etan izango da, eta bigarrena 15:00etan.

