Akatsenean
Asier iriondo • Hizkuntza aholkularia
Fobia batzuk ba omen zituen umetan, eta ederki ahalegindu ondoren, gainditu omen zituen klaustrofobia eta araknofobia, esaterako. Helduxeagotan zerrendara beste bat gehitu zitzaion: akasfobia deitzen dio, hitz egiterakoan, ustezko akatsak egiteko beldurrari (berak izu-laborria esaten du). Antsietate linguistikoa ez dela fobia erantzun zion behin adiskide batek, baina akasfobia hori baino gehiago dela esaten du berak, erabateko blokeoa. Umezaroa eta gaztaroa Arriaranen egin arren, etxean ez zekiten euskararik, eta bere eskolak ere ez zuen irakasten. Hiztun zaharrok ez omen dakigu zer den akasfobia, «eta ez akatsik egiten ez duzuelako» azpimarratu nahi izaten du beti.
Nolanahi ere, gainditu zuen hori ere. Arriarango etxetik gertu, biltegi bihurtutako oilategi zahar bat hartu zuen probalekutzat. Lehenengo izendatu egin zuen: ‘Akatsenea’. Ate gainean izenarekin errotulua jarri, barnea txukundu, eta Ixabel Olano, Xalbador Garmendia, Lurdes Iriondo, Lazkao Txiki… eta beste hainbat autoritateren argazkiez bete zuen. Erosoen Ixabelekin aritzen omen zen. Andreñoaren erantzunei ere berak jartzen zien ahotsa. Lazkao Txikirekin bakarrizketa egiten zuen, erantzunik gabekoa. Xalbadorrekin eta Lurdesekin ere bai, baina, badaezpada, gai hutsalagoez hitz egiten zien. Aldian behin, argazkiren bat kendu eta beste kulturgileren batena jartzen zuen. Hilabetetan, egunero, orduak egin omen zituen bertan, argazkiei hizketan, une ezjakin batean, akatsik izan zitekeenik ere ahaztu zitzaion arte.
Oso gogoan ditu Akatsenean bizitakoak. Aldian-aldian, gogorarazten dizkigu, baita Ixabelek zer erantzuten zion ere. Gaur egun ez da Arriaranen bizi, baina oilategia zutik dago oraindik ere, eta, aurki, berriz erabiliko omen du. Bonbardinoa ikasten hasi omen da. ■
