Liburua ala ikus-entzunezkoa?
Maitane Legarreta • Irakurzalea
Literaturak eta ikus-entzunezkoek, pelikulek zein telesailek, harreman handia dute aspalditik, zenbaitetan bata bestearekin asmo txarrez alderatzen edo elkarren kontra jartzen tematzen badira ere. Liburuetan kontatutako istorioen egokitzapen ugari egin izan dituzte zinemarako edo telebistarako, eta irudiak gaur egun gure bizitzetan duen ezinbestekotasunak hitzen bidez istorioak kontatzeko moduan ere eragin du.
Badira gaztetxotan eskolan eskatutako liburua irakurri beharrean, filma ikusi dutenak, istorioaren nondik norakoa ezagutu eta azterketa gainditzeko asmoz. Bistakoa da, ordea, ariketa arriskutsua dela. Izan ere, ikus-entzunezkoak bere lengoaia propioa du, eta egokitzapenak ez du zertan liburuaren berdin-berdina izan. Kontuan izan behar da, gainera, istorioa kontatzeko tartea ere mugatua dela, eta, beraz, gauza asko kanpoan gera litezkeela, baita telesailen kasuan ere.
Horrekin batera, hainbat eztabaida ere sortzen dira, batez ere arrakasta handia izan duten liburuak film bihurtzen dituztenean. Zaleek errezeloz hartzen dute beraien istorio kutuna pantaila handian ikustearen kontua. Ez da erraza ikusitakoa gustuko izatea; alde batetik, norberak bere buruan eraiki duenak inolako mugarik, aurrekonturik eta bestelakorik ez duelako; eta beste alde batetik, zuzendariaren ikuspuntua oso ezberdina izan daitekeelako. Hori dela eta, askotan esaten dute hobe dela lehenik ikus-entzunezkoa ikusi eta ondoren liburua irakurtzea. Nahiz eta gerta litekeen ikusitakoa irakurritakoa baino gehiago gustatzea. Subjektibotasunaren dantza ederra.
The Other Bennet Sister telesaila ikusi berritan, udan jatorrizko liburua irakurtzeko asmoa dut, beste zenbaitekin egin izan dudan bezala. Bidaia ezberdina izango da, baina mereziko duelakoan nago. ■
