Olaberriko baserriak, herriaren euskarriak
Olaberriko baserrien historia, arkitektura, bizilagunak eta garapena jaso dituzte berriki argitaratutako Olaberria eta bere ondarea. Baserriak eta beste elementuak liburu mardulean. Olargi oroimen taldeak eta Olaberriko Udalak sustatuta, Aranzadi zientzia elkarteko Arantxa Agirrek, Miren Garciak eta Alfredo Morazak ondu dute liburua.
Guztira, 54 baserri aztertu dituzte, garai desberdinetan eraikitakoak. Hasierako atal argigarrian definitu dute baserrien sorrera, eraikitze aldi desberdinak, eta bakoitzeko egoera sozioekonomikoa baserrien arkitekturak nola irakur daitekeen. Bost eraikitze-aro bereizi dituzte, 1400etik 1936ra bitartean. Horren aurretik, txabola moduko eraikinak egongo zirela iradoki dute, oinplano oboidekoak eta etxolaren perimetroa zurezko zutoin txikiz mugatua.
Gipuzkoako lehenengo baserrien testigua Olaberrian bertan dago, 1401ean eraikitako Bengoetxe baserria (azken ikerketetan badirudi zaharragoren bat datatu dutela, Pasaia aldean). Nekazaritzaren zabalkundearekin hasi ziren baserriak ere hedatzen. 1400-1530 lehen fasekoak dira Olaberriko 24 baserri. Eraikitze garai oparoa izan zen, herriko baserrien ia erdiak orduan altxatu zituztelako. Erakusle paregabeak dira Bengoetxeren eskuineko erdia (1401), Otsoategi (1441), Urkuela Garakoa (1444), Etxeberribarrena (1446) edota Urkuela Azpi (1461).
Bigarren eraikitze-aroko (1530-1600) baserri errenazentistarik ez dute katalogatu Olaberrian. Oparoaldi ekonomikoak jarraitu zuen orduan ere, bai nekazaritzan, bai ekoizpen industrialeetan (burdinolak, ontziolak…). Baserrientzat aberastasun iturri izan ziren, baita ere, karrera militarra eta burokratikoa, bai Gortean, bai Ameriketan. Biztanleria ugaritu zen.
Krisien zantzuak baserrien keran
Hurrena, 1600-1770 garai barrokoan, krisi orokorra sumatzen dira Olaberrian eraikitako 14 baserritan. Horietatik sei, borda zaharrak baserri bihurtuak ziren; beste zortzi, berriak. Industria eta merkataritza murriztu zenean, paradoxikoki baserria indartu zen. Kapitala –indianoena tartean– lana ingurunean sartu zen, inbertsio-eremu segurua baitzen. Gizartea landatartu zen, eta baserriko ustiapena izan zituzten salbazio eta bizibide bakar, industrietako lan faltaren aurrean. Aberatsek baserriak erosi edo eraiki zituzten, alokatu eta errentatzaile bihurtuz.
Luberritze handia egin zuten, lehen landu gabeko lurrak eta beste erabilera batzuetarakoak ereinda, amerikar jatorrikoak zabalduta (batez ere artoa, eta indaba, pierra, tomatea eta patata). Nekazaritza-basogintza-artzaintza oreka hautsi zen.
Krisia larriagotu zen aldi neoklasikokoak (1770-1880) dira Olaberriko 13 baserri. Gerrek eta miseriak eragin zuten baserrien arkitekturan. Azkenik, baserri eklektikoak dira azken hiru baserriak, 1880-1936 aldikoak. ■

