Esnatu ala hil
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Euskara! Zenbat buruhauste sortzen dizkigun euskarak! Euskararik gabe ez gara euskaldun, ordea, eta beti borrokan ibiltzera kondenatuak gara. Borrokan, protestan, haserre, sutan… askotan; baina baita pozik, alai eta harro ere, beste askotan. Dena ez da beltz, dena ez da zuri…
Min eman nahi digutenek hatza begian sartzen digute, baina ez gaituzte itsutzen, ez; minak indarra ematen digu.
Euskararen eta euskaldunon inguruko liburua aholkatu nahi dizuet gaurkoan. Udan, opor garaian, lasai irakurtzeko liburua. Ez da nobela, baina hain dago ondo egituratua (kapitulu laburrak, kapitulu bakoitzaren bukaeran laburpena…), hain ondo idatzia (lehenengo irakurraldian ulertzen da dena), begiak zabaltzeko, errealitateaz konturatzeko, lehengo gertaerak gogoratzeko eta etorkizuna ikusten laguntzeko balio digula. Hori bai, arkatza ondoan izatea komeni, ideia nagusiak azpimarratu eta oharrak idazteko ohitura baldin baduzue.
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan, Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebaso Biterik idatzia. Liburua irakurtzera tentatu nahi zaituztet, Garikoitzek eta Iñakik liburuaren bueltan han eta hemen esan dituzten hainbat kontu aipatuta:
«Oso kontuan hartu beharko genuke etxean euskara jaso baina etxetik kanpo erdara gero eta nagusiago duten umeen joera».
«Euskal Herrira iristen den migratzaile batek zer behar objektibo dauka euskara ikasteko? Hutsaren hurrengoa».
«Ezagutzaren ondoan erabilera urria dela esan ohi da… Baina, euskal hiztunek, euskara erabiltzeko era badute, erabiltzen dute».
«Asko gara euskararekin obsesionatuta bizi garenak, euskara gure bizitzan elementu oso garrantzitsutzat daukagunak, bai pertsonalki eta bai kolektiboki. Eta asko, adibidez, Korrika pasatzen ikusita hunkitu egiten gara».
«Ezinbestekoa dugu motibazioa etengabe elikatzea, horrek huts egiten badigu gainerako guztia erori egingo zaigu eta». ■
