Artoa den altxor preziatuari aitortza
Pili Eskisabel bizi den Espilla baserria, erdi estalita dagoena, 1950ean eta gaur egun. Zaharrean artasoro pila ikusten dira.
Artoak belaunaldi asko salbatu ditu goseteetatik Euskal Herriko historian. Lehengai preziatua zen, gariak baino bost aldiz gehiago ematen zuelako. Horregatik, Ataunen artoaren inguruko hiztegi bat egin du Pili Eskisabelek.
Artoa ez da Ataungo soroetan hazten den landarea bakarrik; belaunaldiz belaunaldi transmititu den bizimodu baten eta mundua ulertzeko modu baten lekuko ere bada. Baserrietan eguneroko lanaren inguruan sortutako hitz askok, ordea, desagertzeko arriskua dute gaur egun, artoaren laborantzak berak izan duen gainbeherarekin batera. Hutsune horri aurre egiteko asmoz, Pili Eskisabelek (Ataun, 1957) Ataungo artoaren hiztegia osatu du, bederatzi baserritan jasotako lekukotasunak bilduta. Baserri horiek, hain zuzen ere, Amilleta, Andresene, Errondo, Espilla, Kantxillu, Muntxota, Okaizti, Otazil eta Txulo dira. Hiztegia ez da hitzen bilduma hutsa: herri baten memoria kolektiboa, ahozko ondarea eta nekazaritza kultura bizirik mantentzeko tresna ere bada. Horietaz gain, Juan Arin Dorronsoro Ataungo historialariaren erroten inguruko liburua ere erabili du hiztegia osatzeko.
Eskisabelentzat hiztegia ez da hiztegi hutsa. Bizimodu baten memoria da. «Nire gurasoen belaunaldiak artoaz pasio handiz hitz egiten zuen», dio. Artoarekin lotutako otorduak eta lanabesak eguneroko bizitzan entzuten zitueb: taloa eta esnea, arto-zopak, talo-mantenua, talaburnia…
Haurrak zirenean, Gabonetan ere bazuen bere lekua artoak. «Ganbaran artaburuak zuritu ondoren, ederrena aukeratzen genuen Hiru Erregeen gameluen oinetakoen ondoan uzteko». Beste oroitzapen bat ere irribarrez kontatzen du. Beraien amak senideak ganbarara eramaten zituen eta lehia antolatzen zuen. «Ea zeinek zuritzen zuen arto gehien.» Lan neketsua jolas bihurtzen zuelako, zera dio: «Oso azkarra zen gure ama».
Hiztegian ez dira hitzak bakarrik azaltzen. Artoa lantzeko prozesu osoa ere jasota dagoela dio baserritarrak. Lehenik, lurra prestatzea. Ondoren, nola erein behar den. Artoa indabarekin batera ereiten dela ere azaldu du. Izan ere, elkarri laguntzen diote hazten. Ondoren, prozesuaren azken zatia, artajorratzea, auzolanean amaitzen zela ere esan du.
Gosetearen aurkako baliabidea
Eskisabelek elkarrizketak eginez ikasi duena ere jaso nahi izan du. Artoa XVI. eta XVII. mendeetan iritsi zen Ameriketatik Euskal Herrira. Ordura arte garia eta artatxikia ziren nagusi. Baina artoak iraultza ekarri zuen. «Garia baino bost aldiz gehiago ematen zuen». Horrek gosete askori aurre egiteko aukera eman zien baserritarrei.
Horren inguruan herri-esamolde polit bat ere badela adierazi du Eskisabelek. «Gariak omen zioen: ‘Ni bezalako belarrik ez dek’. Eta artoak erantzuten zion: ‘Ni naizen lekun goseik ez dek’. Esaldi horretan laburbiltzen da artoaren balio historikoa».
Arto-landaretik dena aprobetxatzen zen. Artagarea ganaduarentzako bazka bikaina zen. Artomalotea, berriz, abereen azpiko ohe gisa erabiltzen zen. Artaburua janari bihurtzen zen. Hostoak artisautzarako erabiltzen ziren. Eta koskolak… haurren jostailu ziren. «Aita sukaldean artoa aletzean eta gu koskolekin jolasean ibiltzen ginen.»
San Isidro azoka
Eskisabel Ataungo Udalaren Ingurumen Batzordeko kidea da, eta berak proposatu zuen San Isidro azokan artoa protagonista jartzea. Zazpi baserritako artaburuak jarri zituzten; alea, tresnak eta lanabes zaharrak ere bai: imia (ale kantitatea neurtzeko kaxa, 12 kio gutxi gora-behera), galbahea (artaleak garbitzeko egurrezko ontzia), azpila (Ganaduari orrea emateko erabiltzen zen ontzia)… Bisitariek ikus zezaketen nola egiten zen garai batean.
Lola Tolagirre artisauak txukinekin –artaburua estaltzen duten hostoak– alfonbrak egiten erakutsi zuen.
Artoa aletzeko modu ezberdinak ere azaldu zituzten. Eskisabelen etxean talaburnia erabiltzen zuten. Imi baten gainean jartzen zen, eta artaburua haren kontra igurtziz askatzen ziren aleak. Beste etxe batzuetan koskolarekin egiten zuten. Eta Txulo baserrian makina zahar bat erabiltzen zuten. «Oso oinarrizkoa zen, baina eraginkorra.» Artaburua barrura sartu, manibelari eragin eta aleak bereizten ziren.
Azokan talo tailerrak ere antolatu zituzten, batez ere haurrentzat. Koskolekin jolasten zutela esan du Eskisabelek: «Ni gogoratzen naiz koskolekin dorreak egiten ibiltzen ginela». Helburua, jakintza zaharra belaunaldi berriei transmititzea da. ■
Pili Eskisabel: «Arto hibridoak multinazonalen esku uzten du lehengaiaren salerosketa»
Pili Eskisabel (Ataun, 1957) baserritarra da, orain bere lur batzuk Ataungo Udalak herritarrei uzteko alokatzen ditu. Gaur egun, nekazaritza izaten ari den gainbeherak kezka sortzen dio. Ataunen artoak ere izan du bere garrantzia. Horregatik, aurten Ataungo San Isidro eguneko azokan artoa izan zuten hizpide eta lanketa horretatik atera da hiztegia.
Nekazaritzak azken ehun urtean izan dituen aldaketek nola eragin dute arto landaketan?
XX. mendearen bigarren erdian arto amerikarra edo hibridoa deitu diodana sartu zen. Arto mota horrek hazia aurrez tratatua dakar, eta landatzeko eta jasotzeko errazagoa da. Hala ere, denak ez dira alde onak. Izan ere, guk aurreko urte bateko hazia hurrengoan erabiltzen dugu, eta mota horretakoa behin bakarrik erabil daiteke. Beraz, urtero erosi behar da. Jasangarritasunaren eta bertako arto aldaeren aurka doa hori, multinazionalen esku utziz artoaren salerosketa.
Ataunen garrantzia handia izan duela agerikoa da. Artoaren ondarea mantentzen al da?
Artoak lotura estua errotarekin dauka. Hiztegian errotei inguruko historia ere kontatu dut, eta martxan dugu XV. mendean eraiki zen Errotatxo. Joxe Bikuña herritarrak pasarte hau kontatzen du: Ataunen XV. mendean errotarik ez zen eta inguruko herrietara joaten ziren. Artean, ordea, artoa ez zen sartu Euskal Herrian. Ataungo kontzejuak Lazkaoko jauntxoekin orduan hitzarmen bat egin zuen Ataunen bi errota eraikitzeko. Bat Larruntzan, San Gregorion zegoen, eta bestea San Martinen. eliza aldeko errota. Hasieran ondo moldatu ziren, baina artoa sartu zenean bi errotekin ez zen nahikoa. Orduan, erabaki zuten Larruntzako errotatik erabilitako ura aprobetxatuz gaur egungo Errotatxo eraikitzea. Hala ere, ez zen nahikoa izan, eta azkenean hitzarmena bertan behera utzi eta Ataunen 9 errota martxan edukitzera iritsi ziren. Juan Arin Dorronsororen erroten liburutik ere jakin nuen errotek aleak ehotzeko harri ezberdinak erabiltzen zituztela gariarentzat eta artoarentzat. Eta, 1770eko erregistro batek dio 5.600 arto bildu zirela.
Hiztegian beste herritar gehiagok lagundu dizute?
Hiztegia osatzeko lanerako jende askok lagundu dit. Ni ordenagailuarekin ez naizenez trebea, horretan laguntzen nire semeak aritu zaizkit: Aitzol eta Inhar. Semeez gain, Ataungo alkate Martin Aramendik ere azken gainbegirada emango ziola esan zidanean, lasaitasuna eman zidan. Eta hiztegia egiten parte hartu duten baserriek ere garrantzia handia izan dute. ■
