Udako ipuina
Igor Susaeta • Kazetaria
Smoke pelikulan Auggiek Pauli Gabon giroko ipuin bat Tom Waitsen Innocent When You Dream doinupean kontatzen dion modu berean, udako opor sasoirako istoriotxo bat, fikzio bat, dakarkizuet, aprobetxatuz, egunkarietan-eta, abuztuko lehorteari aurre egiteko, ohikoak izaten direla, adibidez, udako narrazioak. Tori bat.
Bizikletarekin buelta bat ematera atera zen Igor, baina herritik irten baino lehen etxera itzuli behar izan zuen, zapatillen barne-zolak ahaztu zituelako. Bueltatu zen bada etxera, bizikleta atarian utzi zuen, etxera igo zen, barne zolak jantzi zituen, eta prest zegoen atzera Azkoitirako bidea hartzeko. ‘Azkoitia, sorterri maitea’, kantatzen zuten Lajak eta Landakandak…
Zumarragako festak pasa berri, txosnagunea desmuntatzen ari ziren udal brigadakoak. Traba gutxiagorekin-edo lan egin zezaten, udaltzainek trafikoa itxi zuten Hutseko biribilgunearen eta Kalerrota kalearen artean. Soraluze oinezkoentzako kaletik zihoan Igor mantso-mantso, eta, harrituta, itxita zegoen errepide zati hori hartu zuen, Barrenkalera joateko intentzioarekin.
Han zihoan, eta, hara non, Politena zenaren parean brigadakoei begira ari zen udaltzain batek altoa eman zion. Hasiberri itxurako morroi bat. «Barkatu, baina txirrindulariek ere errespetatu behar dituzte trafiko arauak. Errepidea itxita dago». Aho bete enpaste geratu zen Igor, zer erantzun ez zekiela. «Tira, badakit, baina hamar metro direnez, hara noanez…», desenkusatu zen. Udaltzainak ez zion ia bukatzen utzi: «Bai, bai, baina zuek ere errespetatu behar dituzue». Zer egin, zalantzan geratu zen Igor, bizpahiru segundoz. Autoritatea agurtu gabe, buelta eman eta aurrera segitu zuen.
Eta gogoratu zen nola ikusten duen, sarri, ertzainen auto bat aparkatuta Renfeko geltokiaren zabalgunean, eta autotik ateratzen diren agenteak nola joaten diren kafea hartzera inguruko kafetegi nobleenera; edo Zumarragako bi udaltzain epaituko dituztela, udalaren materiala lapurtzea egotzita.
Hurrengo egunean, sututa, udaltzain horrekin topo egin zuen Igorrek udaletxearen parean, eta Urretxu zehazki non zegoen galdetu zion. «Errekaren bestaldean», erantzun zion udaltzainak. «Eskerrik asko. Oso despistatua naiz», Igorrek, eta alde egin zuen. ■
