Izatearen kartografia
Ines Castiella Imaz • Kultur eragilea
Hemeretzi urte joan dira. Hemeretzi, edo.
Honezkero gaindituta beharko lukeela esaten diote, baina ez, ez dago gaindituta. Gainditu beharko lukeela dioten arren, ezin du gainditu. Orbainak dagertzazkio, dakusatza uneoro; oroitarazten diote beraien lekuan zauriak egon zirela aspaldi, larrua haragi bizitan izan zuela, arima garrasika; eta orain, jada, oinazerik geratzen ez bada ere, etsipenak eta ezintasunen anatomia eta morfologiek dirautela ezleku horietan, oraino. Biziko bada bizi den artean eta bestela ez dela biziko, ez dela bere bizitzaren historiografiarik geratuko.
Orbainik ez bada, izango da zauririk ez zelako izan, eta eskas ere, garrasiak. Izango da, zauririk eta garrasirik egon ez den tokitan bizipenik, bizitzarik ere, nekez. Izango al da? Bere baita, berau izan, badenaren kartografia hori, orbain eta zauriz eta orroez pintatu daitekeen margolan bat da, osagai horiekin konposatutako melodia erromantiko bat. Inondik inora, kolore, forma eta testura anitzeko artelana; usain, zapore eta akorde ez-armoniko askotariko nahasketa dariona. Nahasmenduraino zeramana arestion; arestiz gero, bere lekua zein zen zuhurtziaz topatzen erakutsi diona. Sasoi hartan, beldur zion, izutu egiten zuen, aldiz, orain iruditzen zaio bera baino ederragorik ez dela munduan.
Manuel de Zumaya, John Cheever eta Sorrontinoren Partenope uhandrea; Errekamari, Euskal Herriko azken lamia baita bera; ezin ederragoa, ezin lirainagoa, ezin argiagoa, ezin ausartagoa; hemen sortutako berau, hemengo ur urdin eta berdetasunetatik, kareharrizko eta hareazko bilakatua. Ez diezaiotela galda horri ere uko egin diezaion, ez baitu nahi eta ez baitu egingo. Bere baitaren historiologia ukatzea, nahita ere, ezinezkoa litzateke. Barkaezinezko bekatu mortala. Hemengoa, bertakoa den beraurena, iraganetik datorrenarena eta etorkizunerantz doanarena, azalaren orbain eta arimaren garrasiek eskura jarritako edertasunaz baliatuta.
Azalaren etsipenezko orbainek dute bere biografia idazten eta arimaren garrasi mututuen melodiek, garaitu eta garaitu ez dituen gudarosteen kronikak kantatzen; batzuek zein besteek, adierazten hemeretzi urte joan diren gisa berean joango direla beste ehun eta hemeretzi, irekiko direla zauri berriak eta zaharrak ere bai, eratuko orbainak, eragingo oinazeak eta garrasiak. Kartografia berriek kartografia zaharrak ordeztu edo jarraipena emango dietela. Ezinbestean.
Aldiz, Partenopek eta Errekamarik iraungo dute. Gizaldi eta gizaldietan. Ezinbestean. ■
