'Camp'ari buruzko oharrak
Aratz Albisu • Telesail zalea
Uste dut euskaldun gehienok ikusi dugula Argi Gorriak telesaila, eta ia denoi gustatu zaigula. Umorea, akzioa, drama, betiko aurpegiak, beste berri batzuk… denetarik du, eta oso ondo funtzionatu du. Baina, arrakastaren arrazoia camp-a izan da.
Camp-a estilo bisual bat da, esajeratzearen esajeratzea, eta zenbat eta baliabide gutxiagorekin egin, orduan eta hobe. Baina garrantzitsuena zera da, ezin dela konturatu gabe egin, hautu aktibo eta kontziente bat izan behar du. Ikusleak, aldiz, fantasia betaurrekoekin ikusi behar du, ezin da akatsen eta kontraesanen bila aritu, unibertso horretan sartu eta gozatu egin behar du.
Helburua ondo bete bada, jendeak ez du ‘kutretzat’ hartzen, komikotzat baizik, eta, hortaz, obra muturreraino eraman dezake sortzaileak. Argi Gorriak-ekin hori gertatu da; umoreak, estetikak eta hainbat eszenek camp kutsua eman diote. Adibidez, Izaroren eszena horrek ez du pertsonaiaren edo istorioaren garapenean eragiten, baina tonua ulertzen laguntzen digu.
Horrelako beste adibide batzuk: Eduardo Casanovaren Silencio, gai sakonak plazaratzen ditu, baina banpiroak erabilita; Ryan Murphyren All’s fair, emakume abokatu talde aberats baten liskarrak; eta orain euskaratzen ari diren Taika Waititiren What we do in the shadows, dokumental baten parodia bat.
Ez dago urrutira joan beharrik, ordea, Wazemank da EITBk egin duen saiorik camp-ena, bertako pertsonaiek, janzkerek, hitz egiteko moduek, ironiek… ez zuten mugarik, eta jendeak horregatik maite zuen hainbeste. Helburua ez zen zinemaldian sariren bat irabaztea, modu dibertigarri batean jendeari mezu bat helaraztea baizik. Ez da erraza camp-a baloratzea, baina behin hasita, bizioa hartuko diozue. ■
