Suntsitu nahi dutena mantentzen
Gaizka Oiartzabal • Musika zalea
Irailaren 4an Zumarragako kultur etxean Javi Alonsoren erakusketa ikusten egon nintzen. Zarraparrak azken 10 urteetan egin duenaren lagin bat ikusteko aukera duzue, baita Javik berak, argazkilari bezala egin duen lan ikaragarria ere. Egia esan, ni neu ere harrituta geratu nintzen talde guzti horiek ekarri ditugula ohartzean. Diana Jones taldea egon zen gainera arratsaldea goxatzen.
Zapatuan aldiz, Amalur elkartean D’Capricho bikote kubatarrarekin disfrutatzeko parada izan genuen. Polita izan zen elkartean egiteko aukera izatea, eta susmoa dut ez dela azkena izango. Denok oso gustura geratu ginen, eta denok dugu gauza gehiago egiteko eta disfrutatzeko gogoa.
Hurrengoa Petti-ren kontzertua izango da gaztetxean Kultur Aterkiak antolatutako Artea Kalean erakusketarekin batera. Urriaren 10ean, kale erakusketari amaiera emateko.
Azaroak 21ean berriz NCC eta Maniaks izango ditugu, hauek ere gaztetxean. Esan genuen jaialdiak egiteari utziko geniola, baino herriak ematen dituen aukerak aprobetxatuko ditugula garbi dugu. Eta gaztetxea eta Amalur elkartea gune alternatibotzat ulertzen ditugunez, hauek indartzen saiatuko gara.
Diru laguntzarik gabe, udalei deus ere eskatu gabe, eta herrigintza indartuz. Batzuk suntsitu nahi dutena mantentzea izango da gure lana aurrerantzean. ■
