«Itsasoak bakoitza bere lekuan jartzen du»
Jone Mujikak (Legazpi, 2002) hirugarrenez parte hartu du Getaria-Zarautz zeharkaldian. Bere kabuz prestatu du, eta iazko denborari eutsi dio. Igeriketa «beste modu batera» bizitzen ari da orain. Osasun gomendio bat tarteko hurbildu zen igeriketara eta Batxilergora arte iraun zuen herriko igeriketa taldean, eskolaz kanpoko jarduera gisa. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, unibertsitateko laugarren mailan, bere kabuz hasi zen igerian. Orain kirolarekin «erabat konektatzea» lortu du, eta aurrerantzean ere, urteroko erronka gisa izango du Getaria-Zarautz zeharkaldia, gorputzak «gelditzea» eskatzen dion arte.
Hirugarrenez egin duzu Getaria-Zarautz. Zer moduz joan da?
Irteerara beldur pixka batekin joan nintzen. Iaz azken taldean atera nintzen, eta 44 minutu pasatxo egin nituen; aurtengoan bigarren taldean ateratzea ahalbidetu dit horrek, 40 eta 45 minutu arteko denborekin. Hasierako erritmoak errespetu pixka bat ematen zidan, baina uste baino lasaiago hasi nintzen. Amaieran, korrontea kontran izan genuen, eta azken 1.000 metroak gehiago kostatu zitzaizkidan. Jende askok aurten lau minutu gehiago behar izan ditu; izan ere, iazko baldintzak oso onak izan ziren, itsasoa bare zegoelako. Nire kasuan, iazko denborari eustea lortu dut, eta oso pozik nago.
Zer du proba honek horren berezia izateko?
Sortzen den giroa da ezaugarri nagusietako bat. Kanpotik ere jende asko etortzen da, Espainiako Koparen barruan dagoelako, eta horrek maila handia ematen dio.
Zure kabuz egin duzu aurre prestaketa osoa.
Entrenatzailerik gabe aritzeak diziplina handia eskatzen du, batez ere gogo gutxi duzun egunetan ere entrenatzeko konpromisoa hartu behar duzulako. Horrez gain, zure gorputza entzuten ere ikasi behar da. Entrenatzailearekin aritzeak, berriz, entrenamenduak markatuta izatea dakar, eta horrek errutina eta konpromiso handiagoa ematen du. Baina nire kasuan, hainbatetan nekatu ere egiten ninduen horrek.
Orain beste etapa batean nago, kirolaz gozatzeko prozesuan, eta igeriketak asko ematen dit alde horretatik. Ez dut nire burua behartzen. Egun batean igeri egiteko gogoa badut, igeri egiten dut; beste batean bizikletan ibiltzea nahiago badut, hori egiten dut. Badakit gehiegi behartuz gero, kirolaz nekatuko nintzatekeela.
Zer ikasi duzu zure buruari buruz?
Ikasi dut itsasoak bakoitza bere tokian jartzen duela. Getaria-Zarautzen erronka ez da soilik fisikoki prestatuta egotea edo denbora ona egitea; azkenean, itsasoak agintzen du. Oso ondo prestatuta egon zaitezke, entrenamendu asko egin eta oso mentalizatuta joan, baina itsasoa kontran badago, ezin izaten da beti aurretik egindako guztia erakutsi.
Aurrera begira, ze asmo?
Urteroko erronka gisa hartu nahi dut, gorputzak gelditzea eskatzen didan arte. Igerilariok harreman berezia dugu kirol honekin; ordu asko ematen ditugu bakarrik uretan, gure gorputza entzuten eta gure buruarekin hitz egiten. Gauza on asko eman dizkit, eta horrela segi nahi nuke. ■

