Kajoian
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Testu hau Goiberrira bidaltzeko ordu batzuk besterik ez zaizkit geratzen. Iluntzeko zortzirak dira eta bihar goizean entregatu nahiko nuke. Prokrastinazio famatuaren ondorio izango dela pentsatuko du bakarren batek. Baina egia esatera, kasu honetan ez da horrela izan. Prest nuen testua, aurretik. Ondo estrukturatua eta mamitsua. Idazten bukatu eta gustora geratzen zaren horietakoa. Eta ez da beti horrela izaten.
Barru-barruko sentipen injusto baten inguruan hitz egin nahi nuen, beste behin. Nire emozioen kudeaketa kaxkarraren kontakizuna bota nahi nuen, berriz ere. Botaka egin nahi nuen, enegarrenez.
Baina gaur goizean zalantzaren bixita izan dut. Egun batzuk etxetik kanpo egin ditu nonbait, baina idatzia entregatu bezperan azaldu zait kabroia. Ordenagailua piztu eta berriz irakurri dut testua goitik behera; mantso. Gustatu zait. Agian aspaldian sortu dudan testurik zintzoena da.
Zintzoegia akaso?
Eta hortik aurrera dena erortzen hasten da, piezaz pieza. Agian ez nuke gai honi buruz idatzi behar; agian ez dute ulertuko sentitzen dudana. Zer sentsazio izango nuke nik horrelako testu bat irakurriko banu? Agian ez nuke bidali behar. Beharbada kajoian sartu behar nuke.
Ez. Moldatu daiteke. Hau kenduko dut. Beste hau leunduko dut. Esaldi hau gehiegizkoa da. Beste hau gaizki interpreta daiteke. Eta konturatzerako, buruan bueltaka zenuen hartatik apenas geratzen da ezer. Testu txukun bat bai. Kalterik egiten ez duena.
Ez dakit non dagoen sormenaren eta exhibizionismoaren arteko muga. Zintzotasunaren eta arduragabekeriaren artean ez dago marra garbirik. Eta horregatik egiten zait hain zaila.
Askotan esaten da norbera dela etsairik handiena. Ez naiz ni izango kontrakorik esaten duena. Idazten dudanean, ordea, konfiantzaz egiten dudala sinetsi nahi izaten dut. Idaztea askatasun ariketa moduko bat dela. Barruan pilatzen zaizkigun gauzei forma emateko modua. Esan ezin ditugunak esateko aukera. Baina gero norbaitek irakurriko duela gogoratzen duzu, eta bat-batean hitzek pisua hartzen dute. Aurpegia dute. Izen-abizenak dituzte.
Autozentsura, aizue. Beheko kajoian gordeta ditudan beste lan sakroen artean geratuko da oraingoz. Inorri erakusteko ausardiarik aurkitu ez duten paragrafoekin hizketan.
Ze pedantea naizen batzuetan.
Obra ederra utziko dut hiltzen naizenean. Kajoian. ■
